Maialen ARRATIBEL
gasteiz

176.000 autok igaroko dute Irungo ordainlekua, oporretatik bueltan

Atzo hasi eta itzulera operazioak iraun artean, Irungo eta Zarauzko ordainlekuetako kabina guztiak zabalik egongo dira. Hala adierazi du Bidegik, AP-8 eta AP-1 errepideak kudeatzeko ardura duen Gipuzkoako azpiegituren agentziak. Izan ere, oporraldiaren ondotik 176.000 ibilgailuren itzulera espero dute. Hauen joan-etorriak arintzeko, ordainleku guztiak beharrezkoa den pertsonalarekin hornituko ditu.

Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi duenez, atzo 42.000 ibilgailu inguru igaro ziren, eta gaur, berriz, aurreikuspenen arabera, 48.000. Asteburuan ere kopuru horien bueltan ibiliko da oporretatik buelta egingo duten ibilgailuen zenbatekoa. Bidegiko arduradunen kalkuluen arabera, lehenengo lau egun hauetan 176.000 ibilgailu igaroko dira Irungo ordaintokitik, 123.000 Estatu frantseserantz, eta 53.000 Behobiatik Donostiarako nora- bidean. Abuztuko azken asteburuari begira, AP-8a bi norabideetan beste 164.000 ibilgailuk igarotzea espero da. Ibilgailu horiei guztiei behar bezalako zerbitzua eskaintze aldera, etzi arte egongo dira indarrean arestian aipatutako neurri bereziak, eta atzera martxan jarriko dituzte abuztuaren 27, 28, 29 eta 30ean.

Hala, Irungo ordainlekuan, bederatzi kabinetan iparraldera doan trafikoa kudeatuko dute, eta beste lauretan, berriz, handik hona datozen ibilgailuak hartuko dituzte. Zarautzen hamaika kabina egongo dira Estatu frantseserako norabiderako, eta lau Bilborako. Beste bi gordeko dira Zarautzera irteteko.

Irteera operazioan egin zuten moduan, bi ordainlekuetako kabina guztietan, goizeko 10.00etatik 22.00etara, autobideko pertsonala arituko da trafikoa arindu eta pilaketak saihesteko. Postu guztiak kreditu txartelarekin eta eskudirutan ordaintzeko prestatuta egongo dira.

Hala ere, egunotan barne desplazamenduak egiteko autobidea erabiltzen duten Gipuzkoako erabiltzaileei egoera berezi hau kontuan hartzeko gomendatzen diete, sor daitezkeen auto ilarak edo trafiko motela ekiditeko.