GARA
GETXO

Bidaien beste aurpegia Getxophoto nazioarteko argazkilaritza jaialdian

Christian Cajoulle azkenengo urtez komisario izango duen Getxophoto nazioarteko argazkilaritza jaialdiak irailaren 3tik urriaren 4ra arte iraungo du. Aurtengoa bederatzigarren edizioa da eta gatazka edo hondamendi ekologikoetatik ihesi landa eremuak utzi eta hirira joaten diren «bidaiariei» eskainita dago. Mundu osoko hogei autoreren lanak espazio publikoetan jarriko dituzte, hiriaren egunerokotasuna aldatu eta irudiak herritarrengana hurbildu asmoz.

Getxophoto nazioarteko argazkilaritza jaialdiak irailaren 3tik urriaren 4ra arte iraungo du. Aurtengoa izango du bederatzigarren edizioa eta Christian Cajoulle argazkigintzan aditua izango da jaialdiko komisarioa azken aldiz. Begihandi kultur elkarteak antolatzen duen jaialdia bidaiei eskainita egongo da. Hogei erakusketa jarriko dira martxan espazio publikoan, guztiak ere Algortan eta kanpoaldean. Horrela, hiriaren egunerokotasuna aldatu eta irudiak herritarrengana hurbilduko dituzte.

Turismoak jendetza mugitzen du hondartza idealaren bila. Gaur egun, ordea, beste “bidaiari” mota bat sortu da, gero eta ugariagoa dena. “Bidaiariok” arrazoi ekonomikoengatik landa eremuak utzi eta hirietara jotzen dute, gatazketatik edota hondamendi ekologikoetatik ihes egin nahian. Era horretako bidaiak hartuko ditu bere baitan Getxophoto jaialdiko aurtengo edizioak.

Erakusketak eta jarduerak

Getxophoto jaialdia bi guneetan egituratuta egongo da, erakusketak alde batetik, eta, bestetik, jarduerak. Erakusketak herrialde ezberdinetako hogei autoreren lanak bilduko ditu, hala nola Uruguai, Mexiko, Thailandia, Suitza, Txina, Erresuma Batua edota Kanbodiatik heldutakoak. Edizio honek, aurrekoen antzera, etxaurreak, tamaina handiko belakiak edota edontzi-azpiko ezohiko formatuak erabiliko ditu irudiak azaleratzeko.

Jarduera nagusiak lehen asteburuan bildu dituzte, irailaren 3tik 6ra bitartean. Irailaren 4an 20.00etan irekiera ekitaldia egingo da, komisario eta parte hartzaileen presentziarekin. Aldi berean, Gari eta Jon Aguirrezabalagak “George Méliès Le Voyage dans Lune” (1902) filma musikatuko dute.

Irailaren 5ean ohiko bilakatu diren hausnarketa eta hizketaldi saioak egingo dira. Mauro Bedoni Italiako “Colors” aldizkariko argitaratzailea, Vicente Todli Londresko Tate Modern museoko zuzendari ohia eta Raphaëll Biollay Suitzako Irudien Jaialdiko programatzailea bertan izango dira besteak beste.

Irailaren 5ean bertan, Argazki Gauaz gozatu ahal izango da eta argazkilari euskaldunek hartuko dute protagonismoa. Esaterako, Gari Garaialderen, Markel Redondoren, Yosigoren, Bego Antonen edota Miren Pastorren obrak egongo dira ikusgai. Gau horretan bertan, Gonzalo M. Azurmendik saio berezi bat eskainiko du: bidaiak eta hizketaldiak uztartzen dituen “Travelogues”. Horrez gain, Clement Brien artistak etxaurre, hondartza edota pertsonen gainean proiekzioak eskainiko ditu gauez irailaren 4tik 6ra.

Aurtengo Getxophoto nazioarteko argazkilaritza jaialdiak urriaren 4ra arte luzatuko du jarduera programa. Berritasunetako bat umeen eta familien egunerako prestatutako Ikusi Makusi programa da. Erakusketak, ibilaldiak, lantegiak eta jarduera ludikoak egongo dira umeek eta helduek elkarrekin egin ditzaten. Aldi berean, gaueko bisitaldien programa ere inauguratuko da aurtengoan, ikusleei ohiko momentuetatik harago argazkiak ikusteko aukera emanez.

Bestalde, 30 saltoki inguruk beren erakusleihoetan “Viajes sin paisajes” deialdian aukeratutako irudiak jarriko dituzte. Horrela, Getxo hilabetez argazkilaritzaren hiri bilakatuko da.