Idoia ERASO
URRUÑA

Elita Eleh nigeriarra aske gelditu da eta sei hilabeteko egonaldi baimena lortu du

Elita Eleh Nigeriara kanporatzeko zorian egon ziren atzo, baina Akitaniako Osasun Agentziaren diagnostikoaren ondoren Prefeturak hegaldia bertan behera utzi eta sei hilabeteko egonaldi baimena eman zion.

Elita Omalichaogo Eleh Nigeriara kanporatzeko hegaldi bat aurreikusia zen atzo goizeko 06.00etarako, baina azken momentuan Prefeturak kanporaketa gelditzea deliberatu zuen Akitaniako Eskualdeko Osasun Agentziak gaztearen ongizatea segurtatzeko tratamendua Estatu frantsesean hartu behar zuela ondorioztatu eta gero. Gaztea Hendaiako atxikitze zentrotik askatzea eta sei hilabeteko egonaldi baimena eskatzeko aukera ematea erabaki zuen.

Migranteak eta errefuxiatuak laguntzen dituen Cimade elkarteak eraman du Elehren aldeko lan administratiboa, eta lehen baimen honekin pozik agertu bada ere, gogora ekarri zuen, aldi baterako baino ez dela: «Elita oraindik behartuta dago lurralde frantsesa uztera, eta Nigeria da dagokion kanporatze herrialdea». Bertan hamalau urte arteko kartzela zigorra izan dezake homosexuala izateagatik.

Bestalde, sei hilabeteko epea gazte nigeriarrak agertu dituen desoreka psikiatrikoak sendatzeko ez dela aski izango salatu zuen elkarteak.

Gizartearen mobilizazioa gazte nigeriarra Estatu frantsesean gelditzeko gakoetako bat izan dela baieztatu zuen Cimadek. Elkarte ezberdinen eta politikarien sostenguak garrantzi handia izan duela nabarmendu zuen, baita prentsak egin duen jarraipenak ere.

Ipar Euskal Herriko LGBT elkartea den Les Bascos pozik agertu da erabakiarekin, baina Afrikako 54 herrialdeetatik 38tan homosexualitatea delitua dela oroitarazi zuen. Mobilizazioa Ipar zein Hego Euskal Herrian izan da. Ehgam-ek eta Sos Arrazakeriak esaterako Edehri bere sostengua erakutsi diote.

Gazteak Nigeriatik ihes egin behar izan zuen beren sexu joerengatik bere neska-laguna erre eta beste bi lagun kartzelatu zituztenean. Estatu frantsesak asilo politikoa ukatu zion.