Langile bati baja berritu izana lan istripu gisa onartu du EAEko Auzitegi Nagusiak
EAEko Auzitegiaren sententziak lan istripu gisa onartu du Indesa 2010 enpresako langile bat berriz bajan egotea lehendik izaniko arazo bategatik. Mutualia aseguru etxeak prestazioa ordaindu beharko dio.
Cegasak Gasteizen azpikontratatutako Indesa 2010 SL enpresako langile baten kasua ezagutzera eman zuen atzo CCOO Euskadi sindikatuak, EAEko Auzitegi Nagusiak sententzia batean lan istripu gisa onartu duelako baja baten berritzea. Pilaz betetako kutxak kargatzen zituen R.P.G. langileak, horrek gehiegizko esfortzua egitera behartzen zuelarik.
Mutualiak hala onartuta, lan istripu gisa aitortutako baja egonaldi bat izan zuen langileak 2013ko azaroaren 8a eta 26a bitartean, eskuan min handia nabaritu ondoren eskuko eta eskumuturreko tenosinobitisa diagnostikatu ziotenean. Behin lanean hasita, langileak erabat sendatuta ez zegoela jakinarazi zion Mutualia aseguru etxeari eta 2014ko urtarrilaren 28an berriro baja egoerara itzuli zen.
Bigarren egonaldi horretan, ordea, Osakidetzak onartu zion baja, Mutualiak ez baitzuen gaitzaren lan istripu izaera aitortu, CCOO sindikatuak azaltzen duenez, gertakari traumatikorik ez zegoela argudiatuz.
Espainiako Gizarte Segurantzako Institutuak ere bigarren baja egonaldiaren arrazoia «ohiko kontingentzia» bat izan zela baloratu zuen.
EAEko Auzitegi Nagusiaren sententziak dioenez, 2014ko urtarrileko baja ere lan istripu bat izan zen, Mutualiak esan bezala gertakari traumatikorik egon ez bazen ere, aurreko lesioaren berragerpenak eragindako baja izan zelako. Auzitegiaren ustez, aurreko bajatik sei hilabete igaro ez zirenez, eta patologia antzekoa zela kontuan izanda, bigarren bajaren arrazoia aurreko arazoaren berragerpena izan zela frogatua gelditzen da. Hori dela-eta, Mutualia aseguru etxeak baja prestazioa ordaindu beharko dio langileari.
Egoera honen aurrean, jatorri profesionaleko gaixotasunak ezkutatzeari uzteko eskatu zien sindikatuak aseguru etxeei.

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
