Tradizioetatik haratago, aldaketaren indarra
Bestak «patronalak» izaten dira herri askotan. Birjin edo sainduren bat egoten da tartean, eta kristautasunaz lotutako ikur, tradizio, izen eta datez josita daude. Jatorria ahantziz, bizitza kolektiboaren zikloen eragina ezkutatu da (uzta, udaberriaren hasiera, udazkena, egun laburrenak edo luzeenak…) kolonizazio katolikoaren mesederako. Gauzak horrela, jende aunitzek uste du bestak beti gaur egun diren modukoak izan direla eta, finean, erlijioa dela oinarria.
Tradizioak sakralizatu egiten dira eta ukiezin agertzen dira askorengan. Udalaren ordezkariak elizan sartu ez? Otoi, hori ezin da onartu, mendeetako ibilbidea hausten baita, bestaren muina erlijioa da, nola ez dira ba herritarron ordezkariak sainduen aitzin belaunikatuko… Halako mezuak ugaltzen dira aldaketa garai hauetan, batetik, batzuk galduta sentitzen baitira aspaldiko ohituren egokitzapenaren aitzin, eta, bestetik, betiko moduan, eskuinak erlijioa baliatzen duelako bere errekonkista operazioan.
Atzerakoien estrategia gardena da: erlijio sentimenak eta tradizioekiko lotura manipulatzea aldaketa oztopatzeko, instituzioak eta gehiengo sozio-politiko berriak mehatxu gisa aurkeztuz. Aldaketa, finean, tradizioen txikizio bortitz bezala irudikatuz. Eskuinaren DNAn dago joera hori, nolabaiteko erreakzio naturala da, Pauloven txakurraren antzekoa edo.
Traketsa dirudi estrategia honek, baina kasu, sinple bezain emankorra izan baitaiteke aldaketa ongi kudeatzen ez baldin bada. Sentimen eta pasio politikoak, edo erlijio mailakoak, oso eraginkorrak dira, eta eskuinak ongi daki. Ezin dute, gaur egun, kudeaketaren ikurrik baliatu, beraz, halako operazioak behar dituzte posizioak berreskuratzeko.
Fin jardun behar, probokazioetan erori gabe, urrats finkoak emanaz erreakzioari inolako oparirik eskaini gabe. Tradizioak egokituz eta tradizio berriak sortuz, tradizio guziak, finean, noizbait asmatuak izan baitira.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
