Iban Garnika, Leire Zelaia eta Cristina Azaceta
Hezkuntza Plataformen Topagunea
KOLABORAZIOA

Aldaketarako garaia da hezkuntzan

Pasatako ikasturtea gogorra eta neketsua izan bada ere, ez dira gutxi izan hezkuntza komunitatea eta gizarte osoaren lanarekin lortutakoak. Ez bakarrik kuantitatiboki, egindako ekimen guztiengatik, baizik eta hezkuntza komunitateak argi erakutsi duen heldutasun eta arduragatik. Ez gaude prest aho batez edozer gauza onartzeko. Are gutxiago hezkuntza sistema erabat kaltetzen duen lege atzerakoiari men egiteko. Ezbaian da hezkuntza sistema bere osotasunean; gure hezkuntza sistema propioaren bidean benetako urratsak emateko, ausardiaz erantzuteko garaia da.

2014ko irailean, Wert jaunari eskerrak eman genizkion zer-nolako hezkuntza nahi dugun hain garbi uzteagatik. Azken 40 urteotan herri honetan egindako urratsak jarraituz, lege arrotz honi familia, ikasle, irakasle eta oro har herritarrek, aurre egingo geniola adierazi genuen.

Eta horrela izan da. Lege honen berri izan genuenetik, gure mezua ikastetxe, auzo zein herri ezberdinetara zabaldu da. Bide horretan LOMCEren aplikazioa ezartzeko tanta bakoitzari, koloretako aterkia ireki diogu.

Iazko irailean zaila zen jakitea nola bukatuko zen ikasturtea; informazio falta eta mezu kontrajarriak nagusitu ziren. Horrekin batera hezkuntza komunitatearen segurtasun eza eta zalantzak. Hasieran, hezkuntza sailetik EAEn ez zela LOMCE legea aplikatuko zioten, gero ordea, konturatu orduko, hodei beltzen azpitik zirimiri eran, gure ikastetxeetan ezarria zegoen.

Geroztik, auzoz auzo, herriz herri eta ikastetxez ikastetxe aldaketarako grina ilusioz nagusitu zen, informazioa zabaldu eta bide berriak irekitzen gogor aritu ginen. Argi dugu, aldaketarako momentua da. Hezkuntza komunitate osoak ardura hartu eta aurrera egin du. Norbanakoen konpromisoetatik hasita, kolektibora igaroz, gauza handiak egin daitezkeela erakutsi diogu gure buruari eta jarraitzeko konpromisoan berresten gara. Guk, gure ikasleak, gure seme-alabak, etorkizuneko euskaldunak lege atzerakoi honetatik bihotzez babestu nahi ditugu eta bestelako hezkuntza sistema posible dela irudikatu eta eraiki nahi diegu.

Urrian, hezkuntza eragileekin batera hiriburuetan manifestazio alaitsuak eta jendetsuak antolatu genituen. Abenduan, Durangon lagun askok parte hartu genuen Hezkuntza Plataformen Topagunetik lege honi aurre egiteko antolaturiko lan saio praktikoan, eta hortik hamar neurrien dokumentua osatu eta zabaldu genuen. Ikasturte osoan zehar hitzaldiak eman ditugu, plataforma ezberdinak eratu dira, mozioak, sinadurak, kalejirak, Kataluniako plataformekin jardunaldiak antolatu ditugu, komunikabideetan parte hartu dugu... Hori dena gutxi balitz, herritarrok ausardiaz esan genuen ekainean lege honi aurre egiteko prest geundela, maiatzean egindako “Ebaluazioei Planto!” kanpainaren emaitzen harira. Gure ikastetxeetan horrelako ereduek ez dutela lekurik argi erakutsi genuen. Inozoak bagina bezala tratatuak izan garen sentsazioa izan badugu ere (errebalidak diagnosi proba gisa mozorrotuta agertu zirenean kasu), denbora da gauzak bere lekuan beti kokatzen dituena. Mugimendu gaztea izan arren, heldutasunez jokatu eta bide egokia hartu genun. Planto ekimen honetan ere, bestelako hezkuntza sistemaren beharra da finean, agerian dagoena. Hezkuntzak herritarrona izan behar duelako, herritarrok ere ardura handia daukagu.

Uda honetan, hainbat eta hainbat erkidegok argi adierazi dute ez dutela LOMCE aplikatuko: Andaluzia, Aragoi, Katalunia, Balearrak, Asturias… Nafarroa eta orain azkenik EAE. Badirudi erkidegoen arteko batasuna lortu dela, gutxienez DBH eta Batxilergorako ezarpena atzeratzeko eta errebaliden sistema geratzeko. Ministro berriak, Iñigo Mendez Vigok, hitz egiteko ateak ireki ditu, batzuentzat giroa lasaitzeko, besteentzat hauteskundeen mamupean… baina honekin ez da nahikoa. Nafarroako hezkuntza sailburu Jose Luis Mendozak ere argi adierazi du: helburua zentzugabeko lege hau bertan behera uztea da eta ez soilik bere ezarpena atzeratzea.

Eta zergatik jarraitu behar dugu erantzuten? Badakigulako zeintzuk diren LOMCErekin gure haurrek ikasi beharko dituzten edukiak, badakigulako euskalduntzen ez duen hezkuntza sistema batera abiatzen ari garela, badakigulako parte hartzea gero eta mugatuagoa izango dela… Badakigulako hezkuntza sistema hau nahi ez dugula. Herritarrok argi adierazi dugu eta dei egiten dizuegu politika arloan zaudeten horiei norabide berriak eraikitzera. Gizartearen aldarriak zuen bulegoetako agendan ezartzera, eta ez bulegoetan erabakitzen dena gure ikastetxeetan ezartzera.

Ausardiaz, gizarte heldu bat gara, hamaika aukera daude ilusioz betetako eztabaida eta eraikuntza fasea abiatzeko. Txikitik ari gara pausuak ematen, handia bihurtu den aldarria astinduz. Herritarrok prest gaude norabide horretan urrats berriak emateko.

Aurreko ikasturtea, LOMCEren zirimiri urtea izan zen. Zirimiriak zerura begira egotera behartzen gaitu. Batzuetan hodeiak nola desagertzen diren ikusten dugu; beste batzuetan, aldiz, lau tanta ahul zaparrada ilun eta bortitz bihurtzen dira. Gure eskuotan dago hodeiak aldentzea eta zaparrada geratzea. Guk horrela izan dadin putz egiten jarraituko dugu, eta, azkenean, zaparrada etorriz gero, prest izango dugu aterkirik sendoena: Gure Hezkuntza Sistema Propioa.