Maren arteko borroketan 14 salvadortar hil dituzte
Honduras atzean utzita El Salvador munduko herrialderik biolentoena bilakatzeko bidean dagoela zioten adituek herenegun. Atzo Quezaltepequeko kartzela barruan Barrio 18 izeneko marako kideen arteko borrokek hamalau hildako eragin zituzten.
Giza eskubideen aldeko elkarteen iritziz, pobrezia eta desberdintasunak daude El Salvadorko indarkeria fenomenoaren atzean. Hirietako gazteek sortzen dituzten taldeei, mara izenekoei, egozten zaizkie erailketa gehienak. Kartzelan ere ez du etenik indarkeria horrek, atzo Quezaltepequeko espetxean ikus ahal izan zenez.
Espetxe Zuzendaritzak emandako bertsioaren arabera, Barrio 18 marako kideak ziren hildakoak zein hiltzaileak. Zehazki, «Iraultzaileak fakziokoak». Talde horri leporatu izan dio El Salvadorko Poliziak uztailean egin zen garraio publikoaren lau eguneko lanuztea.
Reuters Britainia Handiko agentziak emandako informazioaren arabera, La Libertad departamenduko espetxe horretan Barrio 18 marako mila kide inguru daude preso.
Luis Martinez El Salvadorko fiskal nagusiak adierazi du espetxe horretako segurtasun neurriak indartu egingo dituztela, nola egingo duten zehaztu gabe. Hori bai, «konfiantza eta lasaitasuna» eskatu die herritarrei.
Hato Hasbun Gobernagarritasun idazkariak, berriz, egoera erabat menderatuta dutela esan zuen: «Preso batzuen heriotza eragin duen egoera nahasi bat izan genuen». Agintariek ez dute baztertzen Quezaltepequeko espetxeko istiluen atzean krimen antolatuaren erakunde handiak egotea, «horien eta maren artean oso harreman estua baitago», Hato Hasbunek adierazi zuenez.
Honduras baino okerrago
Edonola ere, espetxeko sarraskia herrialdeak bizi duen egoera penagarriaren azken kapitulua baino ez da. Joan den larunbatean Efe informazio agentziak eskainitako datuen arabera, aurten 6.066 erailketa izan daitezke El Salvadorren, orain arteko erritmoari eutsiz gero.
Beraz, joera aldatzen ez bada, 100.000 biztanleko 96,3 erailketa izango lituzke herrialde txikiak, marka guztiak hausteko. Egun Hondurasek du marka negargarri hori: 2011n, 100.000 biztanleko 91,8 erailketa erregistratu zituen. 2010az geroztik, «munduko herrialderik biolentoena» izan da Honduras.
Azken datuak aztertuz gero, badirudi aurten El Salvadorrek Honduras atzean utzi behar duela: joan den abuztuaren 19a arte, 3.840 salvadortar eta 3.281 hondurastar erail dituzte.
«1992ko bake itunek gure herriko agenda politikoaren zati bat konpondu zuten, baina ez zituzten konpondu, ezta aztertu ere, ez ezberdintasun ekonomikoak ez herrialdeko ondasunen banaketan ematen den injustizia», esan zuen orain egun batzuk Ramon Rivas El Salvadorko Presidentetzako Kultura idazkariak. Bere iritziz, herriak bizi duen indarkeria bere historiaren ondorio da. «Ikerketa sozial, antropologiko eta psikologikoek diote indarkeriaren fenomenoa arazo sozialen emaitza izaten dela», adierazi zuen.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
