Jon LEUNDA
Sega

Gaztetxoek ere euren maila erakutsi dute

Beroa eta gaztetxoak izan ziren atzo, Azpeitian, segalarien Europako Txapelketako bigarren eguneko protagonistak. Saioa 16.00etan hasi zen Ikasberri Ikastolako belardietan, eta eguzkiak bapo jo zuen, beroa latza izan baitzen, eta itzala eskas. Hala ere, jende ugari batu zen saioa ikustera. 

Herrialde askotan jadanik eskolan hasita omen daude, eta ondorioz gaztetxo gutxi etorri ziren kanpotik. Euskal Herrikoak han izan ziren, eta baita Esloveniakoak ere, baina gaur maila nagusian parte hartuko duten beste herrialdeetako inor ez zen aritu. Hori bai, helduen mailan arituko ez den Kataluniako ordezkari bat ere izan zen atzoko saioan. Ondorioz, Euskal Herria, Eslovenia eta Katalunia izan ziren atzoko neurketan aritu zirenak.

Saio oso politak izan ziren, maila ezberdinetakoak aritu ziren, eta ekinaldi dotoreak izan ziren, etorkizunari begira harrobia badagoela erakutsiz. Lehen jardunaldi honetan Euskal Herrikoak izan ziren onenak, maila guztietan nagusi izan baitziren. Horrela, Arkaitz Gabirondo, Jokin Etxabe, Maide Garmendia, Enaitz Etxabe eta Naia Gabirondo izan ziren atzoko onenak. Gabirondotarrak biak ere Joxe Gabirondoren familiakoak, bata semea eta bestea alaba.

Egun handia

Gaurkoa izango da egun handia, 11.30etik aurrera jokatuko baita Europako Txapelketa maila nagusian, bai gizonezkoetan eta bai emakumezkoetan. Loiolako Basilikako belardietan izango da saioa. Euskal Herria, Suitza, Alemania, Austria, Eslovenia eta Hego Tirol izango dira lanean arituko diren taldeak.

13.00etan atsedena egingo dute, eta hor otordua egiteko tartea izango da, ez baita faltako janaririk eta edaririk, eta gero jarraituko du lehiak. 20.00 inguruan izango da sari banaketa Azpeitiko plaza nagusian, eta ondorengo dantzaldiarekin amaituko da txapelketa. Faboritoak Suitzakoak dira, baita Austriakoak ere. Euskal Herriko segalariak etxean arituko dira, eta ez dute animo faltarik izango. Babes horrekin lan ona egiteko gai izango diren itxaropen osoa dute. 

Honi buruzko guztia: Sega