Jon GARMENDIA
Idazlea

Refugees Welcome

Mundua ez da toki segurua, haizea kontra dutenentzat behintzat ez. Ez da toki segurua pobreziaren ihesi dabiltzanentzat, gose eta egarriari iskin eginda lurra abiapuntu bakar dutenentzat. Ez eta bortxaketen eta umiliazioen zapalkuntza saihestu nahirik bizitoki berri bat helburu dutenentzat ere.

Hauek ez dira sorterria uzteko motibo bakarrak, jakina, baina aski motibo badira. 1951. urtean Genevan Nazio Batuek errefuxiatuentzat estatutuak izenpetu zituzten, eta asilo eskubidea finkatu zuten harrera egokia emateko. Arazo anitzek ukan dute soluzioa geroztik, baina egun, munduan, nehoiz baino errefuxiatu gehiago dago. Kasu, ez immigrante.

Ez dakit nori irakurri nion munduko tokirik seguruena besarkada bat dela, ziurrenik besotarte batek eskaintzen duen babesa ezer gutxik eskaini ahal baitu.

Eta gurea, euskaldunona, betidanik izan da eskainia, beso zabalik hartzen jakin dugu nahinondik gurera etorri dena. Agian, gu ere hala hartuak izan garelako kanpoan.

Etxean aterpetzen zaituenaren eskuzabaltasunak parekorik ez duela esatera ausartuko nintzateke, ekintza horrek zerbait sortzen duela, betirako den zerbait.

Eta bazter orotan dabil Refugees Welcome aldarria orain, legeak ailegatzen ez diren lekura gu ailegatu gaitezen, besoak bezala etxezabal.