J.L.
errugbia

Bi porroten ostean, Biarritzi iritsi zaio bidea zuzentzen hasteko garaia

Iritsi zaio Biarritzi esnatzeko garaia. Bi jardunaldi, bi porrot, eta hirugarren bat oso txarra litzateke, horrekin helburuak aldatzen ere hasi beharko bailuke, bestela. Bi jardunaldiren ostean defentsako puntu bat besterik ez dute zuri-gorriek, eta gauzak aldatzen hasteko, gaur garaipena behar dute.

Zuri-gorriek 19.30ean Albi hartuko dute, eta hor garaipena ezinbestekoa izango lukete. Bi galtzeaz gain, emandako itxura ere ez da ona izan. Egia da, bestalde, uda partean izan den nahasmendu horrekin gauzak behar bezala prestatzeko modurik ez dutela izan, baina Aviron egoera berean egon da, eta haien hasiera bestelakoa izan da.

Zuri-urdinek etzi jokatuko dute, 14.25ean, eta Akizen izango dira. Landetakoek iaz maila galdu zuten, baina bulegoetan berreskuratu dute, eztabaida askoren ostean, eta eurentzat lehen partida da, erabakirik ez zegoenez, aurreko biak atzeratuta geratu baitziren.

Euskarians

Getxon partida handia izango da etzi, 17.00etan, Uruguai, Munduko Txapelketan arituko den selekzioa, jardungo da Euskariansen aurka. Faduran jokatuko da, eta euskal errugbilariek goi mailako neurketa izango dute, aurkari handi baten aurka.