Idoia ERASO
BIARRITZ
Elkarrizketa
MIZEL THERET
KOREOGRAFOA ETA DANTZARIA

«Bada dantza garaikide mugimendu bat Euskal Herrian, dudarik gabe»

1959. urtean jaioa, euskal dantza tradizionalaren munduan eman zituen bere lehen urteak Etorki taldean. Parisera joan zen ondoren dantza klasiko eta garaikideko ikasketak egitera. 1983an Ekartle konpainia sortu zuen, non hastapenean euskal kulturaren erreferentziak argiak ziren; eta ondoren «abstrakzio lirikoa» oinarri duten obrak landu ditu, eta 2009tik memoriaren gaia jorratzen du.

Maitaldia dantza jaialdiari hasiera emango dion “Zisnearen azken kantuak” obraren koreografoa eta dantzaria da Mizel Theret. Bihartik goiti bederatzi egunez Biarritz dantzaz beteko duen jaialdiak aurten 25 urte egingo ditu eta euskal dantzari garrantzi berezia emango dio. Jaialdiarekin batera estreinatuko den obra berria prestatzen ari zela egin zigun harrera artistak. Eta berarekin zuen taula gainean hutsez inguratuta bikote izango duen Johanna Etcheverry dantzaria.

"Zisnearen azken kantuak" du izena azken sorkuntzak. Nondik dator ideia? Eta zergatik hautatu dituzu hegaztiak?

Hasteko, nire dantza hiztegia arraberritu nahi nuen eta txoriez mintzatu, hori izan da nire abiapuntua. Betiko mugimenduetan ari nintzen eta hori behar nuen arraberritu, eta horrekin beste leiho bat ireki dut ene dantzan.

Gero, zerbait grafikoa egin nahi nuen, txori bat marrazten badut, niretzat inportantea da forma arrasto batean egitea, eta dantzan gauza bera egiten dut.

Bestalde, txori horiek gutaz mintzo dira, gu, gizaki bezala. Orduan, entseatzen gara zisne horiekin oreka bat antzematea, txoriaren eta gizakiaren artean. Batzuetan oreka hori atxikitzea ez da erraza, gizakiak gara, dantzariak gara, bistan dena, baina denbora berean ere animaltasuna hor da, eta interesantea zen joko hori, animaliatik gizakira pasatzea, eta alderantziz ere. Posibilitate anitz ikusten nituen tema horrekin.

Espazio hutsa garrantzitsua al da obraren errepresentazioan?

Bai, niretako lan hori kokatzen ahal da abstrakzio linearen baitan, eta abstrakzioan espazioa eta denbora biziki inportanteak dira. Eszena gainean bikote bat da, baina ez usaian bezala, ez da emazte bat eta gizon bat, ez da hori errepresentatzen. Ez da ideia hori aipatzen baizik eta nola partekatzen dugun espazioa eta denbora, horretaz mintzo gara bereziki.

Agertoki gainean ez dago dekoraturik, minimalismora jo al duzue?

Bai, agertokia hutsik da, bi gorputz, bi dantzari baizik ez, eta dantza. Dantza erakusterat eman nahi dut deusik gabe, eta nik maite dut hezurretaraino joatea. Ikusgarri anitz espektakularrak dira, baina ez da deus ere kausitzen horietan. Niretako horrelako ikuskizun handietan mamia gordea da, eta nik ez dut gorde nahi, hezurreraino joan eta agerian utzi baizik. Eta horretarako agertokia hutsa izan behar da, bestela ez da posible.

Johanna Etcheverryrekin duela aspaldi ari zarete lanean. Elkar elikatzen duzue artistikoki?

Bai, bada 25 urte kasik elkarrekin ari garela, eta denboran zehar gaitzeko konplizitatea sortu da gure artean. Ez gara beti ados, baina dantzari buruz kontzepzio bera partekatzen dugu.

Ikusgarri hau beste batzuetatik ere badator, batez ere hirukote famatu batekin egindakoa...

Niretzat funtsezko esperientzia izan da 2011n sortu genuen "Oroitzen naiz" pieza, Philippe Oyhanburu, Jean Nesprias eta Koldo Zabalarekin. Haiekin funtsezko lezio bat ikasi nuen: gutti egitea eta anitz erratea denbora berean. Ildo horri segitzen diot, eta erran nezake sorkuntza hau agian bestearen seme bat dela.

Koldo Zabalaren heriotza agertzen al da obran?

Ez da agertzen modu arrunt batean, baina kreazio denboran anitzetan Koldorengan pentsatu dut. Heriotza agertzen da noizbehinka, baita bizia ere. Koldo pertsona bizi-bizia zen, esperientziaz beterik. Nahiko kolpe handia izan da niretzat, denentzat, eta agertzen da, baina ez deblauki.

Euskal dantzak toki berezi bat hartu du Maitaldian?

Bai, halaxe da, eta Kukai, Maritzuli, Bilaka eta beste talde batzuk arituko dira eta biziki inportantea da dantza mota guztiei lekua ematea. Nik biziki preziatzen dut Thierry Malandainek hautatzen duelarik dantza guztiek beren tokia izatea hemen, eta inportantea da hori. Ez bakarrik dantza klasikoa edo garaikidea.

Gure kasuan, ez ditugu euskal dantzetako urratsak baliatzen nire kreazioendako, baina hurbil naiz, hortik nator ere. Haur denboran eta gaztaroan ere askotan ibili nintzen taldeetan eta ez dut ahantzi. Gure sorkuntzan euskal dantza agertzen ez bada ere, bada beti lotura bat euskal kulturarekin, baina ez dantzaren bidez.

Malandainek bere programazioan zuek eta Kukai ezarri zaituzte dantza garaikidearen erreferente bezala?

Ez dakit Kukai taldeak dantza garaikidea egiten duenez, niretako nahasketa bat da, zeharbide bat euskal dantzaren eta garaikidearen artean.

Euskal Herrian bada dantza garaikide giro bat, badira artista onak eta maite dut besteez aipatzea ere. Matxalen Bilbaok Bilbon lan biziki ederra egiten du; Blanca Arrieta Bilbon ari da ere, eta gauza bera; Olatz de Andres ere, Asier Zabaleta Donostian… bada zerbait Euskal Herrian biziki gutxi ezagutua, zorigaitzez, baina bada dantza garaikide mugimendu bat hemen, dudarik gabe.