Xabier Izaga
Kazetaria
JO PUNTUA

Gehiengoaren arrazoi eztabaidaezinak

Lagun bat Hondarribian suertatu zen herenegun. Txilibituak entzun eta espaloian gelditu zen, Jaizkibel konpainiaren zain. Halako batean, plastiko beltz erraldoi bat zabaldu zuten bere aurrean. Zabaldu zutenei, ez zuela ikusten esatea bururatu zitzaion. «Zer ikusi nahi duzu?», galdetu zion gizon batek. «Alardea», erantzun zion lagunak. «Hor ez dago alarderik, hor ez dago ezer», aldameneko neska batek. Agurrik samurrena, «alua». Jakina, nire laguna ez da Hondarribikoa, soraluzetarra baizik; beraz, alardeaz, are gutxiago Hondarribikoaz, ideia zorririk ez. Bestalde, hondarribiar gehienak alarde parekidearen aurka omen daude. Argudio sendoak, inondik ere. Ez dakit, ba, hala ere... oso zilegi izango ote zen gehienak nire laguna plazan urkatzeko ados jarri izan balira... Izorrai.

Joan den astean genioenez, Hitlerren alderdia behin baino gehiagotan izan zen Parlamentuan bozkatuena. PPk ere gehiengoa du Espainiako Kongresuan, gehiengo absolutua, eta eskubideak urratzen dituzten legeak egiteko baliatzen du. Maiz legearen babesik gabe ere baliogabetzen ditu hainbaten eskubideak. Baina gehienek botoa eman zioten. Izorrai.

PPko Gobernuak iragarri du Europar Batasunak ezartzen duen iheslari kopurua hartuko duela. Behar adina. Espainia solidarioa omen da eta. Herenegun elkartasun hori bitxi samarra zen, ordea, Ogasun ministroaren kontuen menpe zegoen eta. Orain ez, orain elkartasuna elkartasuna da, ez trukea. Horrelakoa da Mariano Rajoyren alderdia, eskuzabala. Galdetu, bestela, Javier Marotori edo Xavier Garcia Albioli. Gasteizko eta Badalonako alkatetzak galdu ondoren, PPko sektoreko idazkariorde eta Kataluniako Presidentetzarako hautagai, hurrenez hurren, izendatu baitzituzten. Beren programa arrazistak bozkatuenak izateagatik, hain zuzen. Ez zen gutxiago espero Gobernu horrengandik. Alderdikide leialekiko elkartasuna. Eta Merkelek agintzen duena.