Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Hipokriten estiloa

PPkoei egundoko buruhaustea eragiten ari zaie Marotoren ezkontza, homosexuala delako, ez beste ezergatik. Bilerak eta guzti egiten ari dira euren buruzagia eztei-ospakizunera joatea komenigarria den ala ez ebazteko. Egia esan, ez naiz harritzen: esku batekin homosexualen arteko ezkontzen kontra legez ahalegindu izana eta beste eskuarekin gizonezko ezkonberri bi adiskidetasunez zoriontzea (bata alderdikide nabarmena delako, ez beste ezergatik), ageriko hipokrisia hori, izugarri kaltegarria litzateke aurretik ere hurrengo hauteskundeetara nahiko kaltetuta agertuko den alderdiarentzat. Gozoak izango ditu gasteiztarrak belarriak…

Marotok berak esana da gustatuko litzaiokeela homosexualen arteko ezkontzek berri izateari uztea. Nik ez dakit gizona jabetu ote den zergatik den albiste berea zehazki, edo tonto itxurak egin besterik ez zaion geratzen ozenki onartu behar ez izateko bere alderdiak berak bezalakoak (beste batzuekin batera) ez dituela aintzat hartzen heterosexualen eskubide bereko pertsonatzat, alegia, lehen mailako herritartzat. Auzitegi Konstituzionalak behartuko zituen popularrak gaiari dagokionez bazterrak gehiago ez nahastera, eta zer erremedio, baina oraindik ere kosta egiten zaie tinko sustraituriko homofobiaren zantzuak ezkutatzea, besteak beste, jendarteko sektore atzerakoienaren babesa ziurtatzeko zaldi irabazle hori betiko askatzea.

Etekin-zorro gehiegi lirateke, terrorismoaren desagerpenaren eta abortuaren legearen gaineko anabasaren ondoren. Anabasa horren emaitza absurdoak inori –ezta popularren zaleei ere– pozik ez eta sumina eta arriskua besterik ez du eragin. Babesgabetasuna, bai, gurasoekin gaizki moldatzen edo batere moldatzen ez diren neskatilei, zehazki, ataka larri horretan egon daitezkeenen desesperazioari eta ondorio gertagarri nahiz negargarriei muzin eginda.

Onartu dute azkenean erreforma, guztien gainetik eta sen onaren arrastorik gabe, haien estiloari jarraiki. Aste berean, paradoxikoki, Marotok zioen –bereari begira, jakina– 2015. urtean naturala dela kalean arrunta dena legean ere arrunta izatea. Besteenari begira, ordea, ondotxo dakite hark eta haren alderdiak kaleko gehiengo zabalarentzat ez duela arruntetik ezer emakume guztiek ama izan ala ez erabakitzeko askatasun osoa ez edukitzea, eta are gutxiago agintariek, aulkia berotzen jarraitu ahal izateko, herritarroi errespeturik erakutsi ez eta iruzur egitea. Horrela, jo eta hautsi.