Alkateak sututa, ekarpena murriztuz Gobernuak kinkan jarri dituelako
Zerbitzu publikoak ezingo dituztela ziurtatu eta inbertsio publikoa erabat etengo dela diote Ipar Euskal Herriko herri handienetako alkateek. Protesta eguna deitu du gaurko Alkateen Estatuko Elkarteak.

Bero agertu ziren atzo prentsaren aurrera, gaurko mobilizazio egunarekin bat eginez, Euskal Kosta-Aturri Hirigunea osatzen duten bost herrietarik lautako alkateak: Bidartekoa, Miarritzekoa, Angelukoa eta Baionakoa. Bosgarrenak, Bokalekoak, ez zuen etortzerik izan, baina haiekin zeharo bat datorrela jakinarazi zuten bertaratutakoek.
Etchegaray Baionako alkatearen hitzak dira: «Estatua herriak kale gorrian uztera doa». «Zergak igotzearen ala zerbitzu publikoak bete ezin izatearen kurrikekin heldu gaitu Gobernuak», dio Veunacek, Biarritzekoak. Udalak «larrutuko» dituztela asmoa gauzatzen bada, Angeluko Olivek. Denak eskuindarrak; Parisen sozialdemokratak agintean. Halere, ezinegon hori kolore politiko guztietako alkateek bizi dutela argitu zuten. Uztaritzeko Herriko Etxeak esaterako, ezkerreko abertzaleen zerrenda zabalaren esku dagoenak, murrizketaren aurkako agiria aho batez onartu du azken udal batzarrean.
Estatuak gero eta betebehar eta zerbitzu gehiago udalen eta udal elkargoen bizkar uzten dituela esan zuen Etchegarayk, iaz horrenbesteko zeresana eman zuen eskola ondoko zerbitzuen legeari aipu eginez, baina parean erakunde horiei berei aurrekontu bidezko ekarpena murriztera doala. Finantza publikoak orekatzeko nahikeriaz, 2014-2017 aldian 28.000 milioi euro gutxiago emateko asmoa iragarri du Gobernuak.
Hori Baionara ekarrita, eta asmoa bere horretan gauzatzen bada, zerbitzu publikoak bermatzeko zailtasunak izango dituztela jakinarazi zuen, eta herritarrei prestatzen joateko esan zien, «jakin dezatela zergatik». Elkarteentzat ere izan zuen oharrik: ez dutela aurten adina sos izango. Asmoa leuntzeko eskatu zion Gobernuari.
Veunacek salatu zuen errenta zergan gutxiago ordainduko dutela esanez gutuna bidaltzen ari dela Gobernua etxeetara, baina bestetik, murrizketokin, zergak igotzera behartu nahi dituztela udalak.
«Ez gara Gobernuaren burdinazko besoa izango» zerga bilketarako, gaineratu zuen Olivek ondotik. Enplegu publikotik eta inbertsioetatik funtsak desbideratzera behartuko dituztelako kexu agertu zen Angeluko alkatea, eta horrek herritarrengan «eragin zuzena» izango duela.
Ikasle txarrena Estatua
Bidarteko auzapezak, hitza hartzen azkenak, laburrago hitz egin zuen halabeharrez; ez, ordea, hotzago: «denari ezetz esaten dion alkatea izatearen sentipena» duela aitortu zuen, etengabe diru kontuen taulari begira ibili behar duelako. Egoera zertzen saiatu zen: «Hondartzak zenbatero garbitu edo zenbat denboraz zaindu bezalako gogoetak egin beharrean gara».
Veunacek, azkenik, gogor gaitzetsi zuen tokiko erakundeak xahutzaileenak direla dioen mezua. Defizit nagusia Estatuak berak sortzen duela gogorarazi zuen. Erabakiak, aldiz, tokiko erakundeak, eta haiekin, tokiko ekonomia, itoko dituela dio.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
