2015/09/21

Josebe EGIA
Maitasuna, ikusi eta ikasi

Zeuk zelan ulertzen duzu pasioa maitasunezko harremanetan? Eutsiezinezko sexualdiekin dago lotuta? Agian, errusiar mendia da: orain zeruan, orain infernuan, baina beti berriz igotzeko prest? Intimitaterik estuena eragin behar dizu, intelektualki zein fisikoki? Ala, beharbada, hori guztia eduki behar du?

Txikitatik edaten dugu (iturriak nonahi daudelako) maitasunak, mereziko badu, ikusgarria izan behar duela. Zoratu egin behar gaitu, goia jotzera eraman, eta, batik bat, min eman behar du, erokeriaraino min; maitasuna maiteminarekin erabat lotuta. Egiten dugu, aukerarik eman gabe, bestelakoa mespretxatu. Bilatzen dugu gure bizitzako amodioa, jarduten dugu fantasia komun hori pertsona zehatzetan iraultzen, pertsonari berari gehiegi erreparatu barik. Denborarekin, dezepzioa, samina etortzen dira. Bihotz puskatuak, ederki izorratuak. Bai, baina beti izango dugu zahartzaroan zer kontatu, behar bezalako maitasun-istorio kartsu bat bizi izan genuelako.

Maitasunak, benetakoak, erraiak kiskali behar ditu. Batzuoi beste batzuoi baino gehiago. Rolak hain daude errotuta eta elikatuta, eta hain ditugu zainei itsatsita, izugarri zaila egiten zaigula gehienoi harreman-ereduak zalantzan jartzea; zeresanik ez aldatzeko saiakera egitea. Teoria argi dugu, aspalditxo hasiak gara jendartean hedatzen, berdintasunezko harremanak gutxik jarriko dituzte kolokan ozenki. Ezkutuan, ordea, gehiegik segitzen dute bihotzez desiratzen bikotekideak zain eta babes dezan, gehiegik uste dute horixe espero dela eurengandik; gehiegirentzat da oraindik fideltasuna maitasun-frogarik handiena, eta gehiegirentzat irainik onartezinena hirugarren bat mirestea, maitatzea, zaintzea edo behatzea ere. Maitasuna, maitalea, besteek ukiezinezko jabetzatzat jotzen dugu. Ez dugu horren garbi esango plazan, baina urrun gaude oraindik bestela bizi eta garatzetik. Helduok, are gutxiago gaztetxoak.

Ikusi eta ikasi; maitale gisa kontrolaren eremuan ari dira hazten gure gazteak, menpekotasunezko harremanetan, non gizonezkoa den legegile-betearazlea eta emakumezkoa agindupekoa, ikerketa ugarik diotenez. Bikote gazte homosexual eta lesbianetan, berriz, auskalo dinamikak… horiek ez dituzte hainbeste ikertzen, estatusa beheraxeago baitute. Erdiragarria egiten zait berdintasunari dagokionez, esparru guztietan, zein gardena den uste orokorra eta zein arrea jardunbide publiko nahiz pribatua.