J.L.
Finalak

Lopetegik eta Dramek Euskal Herriko Txapelketako txapel bana jantzi dute

Lopetegik, kintopekoen harri-jasotze txapelketan, eta Dramek, orga-jokoan, lortu zituzten Euskal Herriko txapelak, nahiz eta azken honen garaipenak errekurtsoa ere izango duen.

Harri jasotzen lau ziren izatekoak, baina arrazoi ezberdinak zirela-eta, Olaizola eta Telleria IV.a ezin izan ziren aritu, eta bi besterik ez ziren jardun. Hiru minutuan 100 kiloko zilindroa eta pisu bereko kubikoa erabili zituzten. Lopetegik aurrenekoari 38 jasoaldi eman zizkion, eta 21 bigarrengoari. Denera, 59.

Bigarren Etxeberria sailkatu zen. Idoia Etxeberriaren anaia gaztea aurreneko aldiz plazaratu zen lehiaketa batean. Zilindroari 21 jasoaldi eman zizkion, eta 13 kubikoari. Denera, 33.

Orga-jokoan Dramek irabazi zuen, baina eztabaida izan zen. Belardian jokatu zen, eta belarra nahiko luzea zegoen. Berez gurdiak lurra ukituz gero, saioa amaitutzat eman behar da, eta hor izan zen eztabaida. Bigarren geratu zen Casusok errekurtsoa jarri du Federazioan. Dramek, 5 itzuli, 1/2 eta 0,45 metro egin zituen. Bigarren, Casuso sailkatu zen, 5 itzuli eta 4,90 metrorekin. Hirugarren sailkatu zen Perez, 3 itzuli, 1/2 eta 0,90 metrorekin. Laugarren Lartzabal sailkatu zen. 2 itzuli, 1/2 eta 0,25 metro egin zituen, eta azkena, Fernandez sailkatu zen.