Amagoia Mujika
Kazetaria
IKUSMIRA

Basoa erdi beteta dago, cavaz

Azkenean konbentzitu egingo gaituzte. Hainbestetan errepikatuko dute gehiengoak independentziaren kontra bozkatu duela, ahaztu egingo garela beste erdiarekin, beste %48arekin, beste 1.900.000 herritarrekin. Eta horrelaxe geratuko gara, sorbaldak makurtuta eta lurrera begira, basoa erdi hutsik ikusten duenaren etsipen pisuaz.

Galtzera ohituta dagoen eta irabazten ez dakienaren pausajea igartzen zaigu batzuetan. «Ondo daude emaitzak, baina botoetan ere irabazi izan balute... Sikiera espainolak isilarazteko, ezta?». Botoetan independentziaren aldekoek aise irabazita ere espainolek izango lukete zer esan, eta segur aski ez zen gure gustuko iritzia izango.

Ramonekin akordatzen ari naiz. Udan ezagutu genuen, Gironako hondartza bazter batean. Elkarrizketa biziko gizona da, Extremaduran jaioa eta azken 30 urteotan Katalunian bizi dena. Hark garbi esan zigun berak independentziaren alde bozkatu behar zuela, ez barruan suak adina berotzen duen sentimendu abertzalea duelako, ez txikitandik etxean nazio baten parte izatearen harrotasuna eta mina jaso dituelako, ez inor maite edo gorroto duelako. Berak independente izan nahi du erabaki propioak hartzeko, Katalunia etxe propioa sentitzen du eta etxeko kontuak etxekoek erabaki eta antolatu behar dituztela ulertzen du. Horrelaxe esan zigun, sinple-sinple. Gustura galdetuko nioke orain irabazle edo galtzaile sentitzen den. Irribarrez irudikatzen dut, seny elegantez, etxean bezala sentiarazi duen nazio horren parte izatearen harrotasunez. Basoa erdi beteta dago, cavaz.