GARA
AZKOITIA

Jaso du azken agurra ostiralean zendu zen Zendoia trikitilariak

Sorterrian, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundearen elizan eman zioten atzo azken agurra Tomas Zubizarreta Soraluze Zendoia soinu jotzaileari. Trikitilaria pasa den ostiral iluntzean zendu zen, 84 urte zituela.

Jaio zenetik bizileku izan duen Zendoia baserriak eman zion izena trikitilariari eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Laxaro Azkune azkoitiarrak idatzitako “Zendoia, pozaren mezularia” biografian bildu zituen haren bizipenak. Elkarteak disko-liburu horretan (32 pieza ere biltzen ditu) Imanol Arregi Iturbide pandero jotzaileak Zendoiari buruz esandakoak izan zituen gogoan. «Tomasen dohainik handiena besteak pozik ikusten gozatzea da, eta zoragarria da horretan jartzen duen enpeinua ikustea», azaldu zuen prentsa-ohar bidez.

Zendoia osabari ezkutuan kenduta hasi zen soinua jotzen, eta, herriz herri aritu ostean, Euskal Herriko Trikitixa Txapelketan aritu zen 1979an, 1980an eta 1982an, Luis Alberdi Zabale lagun zuela. Iaz, liburuaren argitalpenarekin batera omenaldia eskaini zioten Zendoiari 84 urte bete zituen egunean bertan, eta iazko San Jose Trikiti Jaialdian ere bera izan zen omendua.