M. I.
DONOSTIA
Elkarrizketa
ZAIDA FERNANDEZ PEREZ
ERMUKO MILITANTE FEMINISTA

«‘Ez dugu ezer egin’ diote hasieran; gero ohartzen dira: ‘Gure herria eraiki dugu’»

Militante feminista da, bere herriko, Ermuko, Emakume Asanbladako kide duela hamar urtetik. “Cartografía de la memoria colectiva de las mujeres en los municipios vascos: el mapa de las huellas educativas de las mujeres y del feminismo” artikulua idatzi du liburuan.

Berdintasunerako masterra egin zuen eta proiekturako inguruko emakumeen eta feminismoaren historia errekuperatzea pentsatu zuen. «Orain konturatzen naiz ez nekiela ia ezer. Nire pentsamendua, eta sentimendua, izan zen beharrezkoa zela gure iragan kolektiboa emakume eta feminista moduan berreskuratzea gure gaurko nortasuna indartzeko». Hala, inguruko emakumeei eta talde feministei galdetzen hasi zen.

«Hainbat gauza, hainbat lorpen, hainbat borroka agertu ziren nire herrian eta hori dena berreskuratzea pentsatu nuen. Horiek dira feminismoaren aztarnak». Hirigintzarekin lotuta, mapan islatu zuen. «Momentu hartan emakumeen ‘hiri debekatuen mapa’ zegoen. Hor genero ikuspuntutik arriskutsuak diren lekuak agertzen dira eta ondo dago. Baina pentsatzen nuen gure herriak eta gure hiriak ere badirela, hor egon gara, gure aztarna utzi dugu, orduan zergatik ez islatu parte positiboa hobekuntza sustatzeko».

Horregatik, emakumeen aztarnen proiektuek alde historikoa dute, oroimena berreskuratzeko eta ikusgarri egiteko, emakumeak subjektu moduan agertzeko, eta bestetik, hirigintza arloarekin lotutako mapa hori daukate. Basaurin egina dago mapa eta hirian zehar plakak daude emakumeen aztarnak ikusgarri egiteko. Ondarroan ere gauzatu da, prozesu moduan. Errenterian duela bi urte egin zuten Luz Maceirarekin. Bertan, emakumeek industrializazioari egindako ekarpena berreskuratu zuten. Ermuko asanbladako lankideek feminismoaren aztarnen berreskurapena egin zuten herrian. Lan horrek sustatu zuen Martxoaren 8rako plaza bat inauguratzea.

«Orain, unitate didaktiko bat egiten ari gara asanbladan aztarnen kontuarekin, hezkidetza arloetan ikasleekin lantzeko eta pedagogia egiteko. Eibarren, Luz, Sabina (beste lankide bat) eta hirurok emakumeen aztarnak berreskuratzen ari gara industrializazio prozesuarekin lotuta. Herriko emakumeak beraiek erabakitzen ari dira zer berreskuratu nahi duten. Prozesu parte-hartzailea da, ez ikerketa soila».

Emakumeek erabakitzen dute dena. Ondarroan, adibidez, portua da aztarna feminista bat, kontserba fabrikak ere bai, eta kartzela. Ermuan, emakumeen jabekuntza eskolak eta etxea agertzen dira.

Lan hau guztia garrantzitsua da, alde batetik, «gure oraina ulertzeko» eta, bestetik, emakumeen identitatea eta nortasun feminista indartzeko eta eredu positiboak hedatzeko. «Gazteek jakiteko amama, ama, inguruko emakumeak subjektu historikoak izan direla eta garrantzia izan dutela gure herrian. Eredu positibo eta alternatiboak eraikitzeko. Errekonozimendua eginez beste begirada batekin ikusten dituzu emakumeok, errekonozimenduaren begiradarekin».

Azaldu duenez, ohikoa izan da «guk, emakumeok, pentsatzea egindakoa ez dela garrantzitsua eta horri buelta eman behar zaio. Prozesu hau hastean parte hartzen duten emakume askok esaten dute 'guk zer kontatuko dugu? Ez dugu ezer egin', eta, bukatzerakoan konturatzen dira: 'Gure herria eraiki dugu'. Hor jabekuntza ematen da barruan, gero hedatu egiten dena». Ikastetxeetara joan dira beren bizipen eta borrokak kontatzera, eta erakusketa bat egin dute. Proiektua bereganatzea eta subjektu moduan zabaltzea da ideia.