Arlo publikoko negoziazioen blokeoa Erkorekaren jarrerari egotzi dio LABek
Sektore publikoko hitzarmenen negoziazioa blokeatuta egoteko arrazoi nagusia Josu Erkoreka Administrazio Publikoko sailburuaren «inposizioak» direla adierazi zuen atzo LABek. Negoziatzen jarraitzeko murrizketen kontrako jarrera irmoa eskatu zion Lakuako Gobernuari.

Joan den irailaren 30ean Lakuako Gobernuak eta LAB, UGT eta CCOO sindikatuek Lanbiden lortutako akordioaren harira Angel Toña Enplegu sailburuak egindako adierazpen itxaropentsuen aurrean, halako aukerak sektore publikoko beste arlo batzuetara ere heda daitezen Josu Erkoreka Administrazio Publikoko sailburuaren jarrera aldatzea ezinbestekoa dela adierazi zuen LAB sindikatuak.
Lanbiden akordioa sinatu zenean, Administrazioko Mahai Orokorraren negoziazioan eszenatoki berri bat ireki zezakeela adierazi zuen Toñak. Arantxi Sarasola LABeko Zerbitzu Publikoen Federazioko arduradunaren ustez, ordea, Erkorekaren «jarrera inposatzailea» da negoziazioak zailtzen dituena. Ildo horretan, adierazi zuen ordezkatzen duen sindikatuak ez duela onartuko «zeri buruz eta noraino negozia daitekeenaren inposizioa legitimatzen duen akordiorik».
Zehazki, LABen iritziz negoziazioak bere baitan bildu beharko lituzkeen oinarriak aipatu zituen: lanpostu publikoen berreskuratzea, zerbitzu publikoetan inbertsio handiagoa, funtzionarioen euskalduntzea bultzatzeko neurriak eta langileen parte hartzea kudeaketan.
Horren aurrean Gasteizko Gobernuaren jarrera «gaiztoa» kritikatu zuen, Madrilgo Gobernuak egiten dituen murrizketak salatu eta aldi berean haren helburu bera agertzen duelako.
Hauteskundeei so
Galder Sierra Interbentzio arloko arduradunak espainiar Gobernuak bultzatutako politiken gainean hitz egin zuen eta azkenaldian hartutako neurriei kutsu elektoralista dariela nabarmendu zuen.
Hain zuzen, funtzio publikoan hartutako hainbat erabaki aipatu zituen, hala nola %1eko soldata igoera 2016rako, 2012ko Gabonetako ordainsaria eta librantzak berreskuratzeko aukera eta berritze tasaren igoera.
Sarasolak gaineratu zuenez, neurri horiek, bestalde, ez dira nahikoa azken urteetan jasandako galerak berrekuratzeko.
Sindikatuaren ustez, gainera, Europako Batzordeak aurrekontuen harira espainiar Estatuari egindako azken ohartarazpenak murrizketa berriak ekar litzake, esaterako, arestian aipatutako neurriak atzera botatzea.
Zentzu horretan, Madrildik inposatutako neurriei men eginez, Lakuako Gobernuak «inongo negoziaziorik gabe» murrizketa neurri guztiak ezartzen dituela salatu zuen.
Horregatik, Euskal Herriko zerbitzu publikoen errealitatera eta honen inguruko diagnostikora egokituko den negoziazio bat behar dela aldarrikatu zuen sindikatuak.

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
