2015/10/16

IXABEL ETXEBERRIA
IDAZLEA ETA IRAKASLEA

Urruñarra da Ixabel Etxeberria, irakaslea Seaskan eta idazlea. Piarres Larzabalen antzerkigintzari buruzko tesia egin zuen, eta haren obraren ezagutzan erreferentea da. Bere herrian politikan aritua da, eta aktualitatea hurbiletik segitzen du euskal prentsako hainbat hedabidetan iritzi artikuluak idatziz.

«Larzabalek bizi guztian euskaraz idatzi zuen, korrontearen kontra»
Idoia ERASO|URRUÑA
1016_kul_etxeberria

ABERTZALEA


«Gertakari historikoak hartzen zituen, gaurkotu, loturak emanez eta esplikazioak emanez orduko errealitatearekin»

IKUSPUNTUAK


«Bere antzerkigintzan irizpide ezberdinak agertzen dira; ez zituen aldarrikapenak bakarrik egiten»

Piarres Larzabal (1915-1988) apaiz, idazle, euskaltzale, abertzale eta euskaltzaina sortu zenetik ehun urte joan direla oroitzeko jardunaldia antolatu du gaur Euskaltzaindiak. Baionako campusean izanen da 14.30ean. Daniel Landartek eta Ixabel Etxeberriak haren biografia eta antzerkigintza aurkeztuko dute. Antton Luku eta Patri Urkizu antzerkigintzaren taularatzeaz eta egiten zaion harrerari buruz mintzatu dira.

Nola deskribatuko zenuke Piarres Larzabal?

Lehenik apeza eta euskaltzalea zen. Azkainen sortu zen laborari familia batean. Euskal giroan hazi zen, baina bizitza arrunta eramanez, eskola publikora joan zen eta segitu zuen seminarioan. Ondotik, gerlan erresistentzian ibili zen, eta bere apez ibilbidea hasi zuen 1939an Hazparnen. Oso famatua egin zen antzerki munduan, eta Ipar Euskal Herriko gizartean kulturari eta antzerki munduari biziki lotua zen, idazle gisa eta taularatzaile gisa ere bai.

Gero politikara pasatu zen; Anai Artea sortu zuen Hegoaldeko errefuxiatuei laguntza emateko, Telesforo de Monzonekin batera. Ondotik, beste gazte batzuekin Enbata sortu zuen. 1938an hil zen, literatur ekoizpen oso zabala utziz, bereziki antzezlanak.

Eta bere antzerkigintza nola definituko zenuke?

Oso luzea, tradizioari lotua, baina berritu nahi zuen antzerkigintza. Sail guztiak ukitu zituen: kanpoko antzerkigintza, barnekoa, pastorala… oso berritzailea.

Euskal antzerkigintzan ze eragin izan du Larzabalek?

Eragin handia, baina Ipar Euskal Herrian izugarrizko antolaketa ere bazen, Euskaldun Gazteriak. Talde horiek guztiek antzerkiak antolatzen zituzten. Harreman naturala eta estua sortu zen, antzerkiak idazten zituen apezaren eta talde horien artean. Garaiko problematiken arabera idazten zuen.

Gero, Euskal Herria aldatzen joan zen eta politikan agertu zen, baita antzerkigintzan ere. Antzerki talde asko ziren, indartu zen antzerkigintza amateurra, kalitate handiagoa eman nahi zitzaion. Horrela sortu ziren “Matalas”, “Ibañeta”… kalitate handiagoko antzerkiak, gai abertzaleak jorratzen zituztenak. Gertakari historikoak hartzen zituen, gaurkotu, loturak emanez, esplikazioak emanez, orduko errealitatearekin.

Inportantea da ere idazten hasi zenetik euskaraz egin zuela, bere bizi guztian ardatz nagusia izan zen. Garai horietan euskarak ez zuen orain duen onarpena; beraz, zinez korrontearen kontra joatea zen, baina oso sinpleki eta oso xumeki.

Esan daiteke, euskarari onarpen kulturala ematen lagundu zuela garaiko gizartean?

Asko. Leku publikoetan ez zen euskaraz egiten, etxean, leku pribatuetan egiten zen. Berak euskarari eskaintzen zion plaza bat, eta euskaraz lantzen ziren gaiak benetakoak ziren. Edozein gauzaz euskaraz aritzen ahal zela erakutsi zuen.

Ikuspuntu anitzetik euskaraz aritzen ahal zela ere erakutsi zuen. Bere antzerkigintzaren ezaugarrietako bat da gai baten inguruan irizpide asko agertzen zirela; ez zituen bakarrik aldarrikapenak egiten, baina kontrako iritziak ere ematen zituen.

Seaskako Piarres Larzabal kolegioko irakaslea zara. Gazteek ezagutzen al dute?

Lantzen dugu urtero, baita Piarres Larzabalen antzerkiak ere. Esan behar da asko laburtu behar direla, garaiak aldatu dira, eta testu nahiko luzeak idazten zituen, baina oso garaikideak dira, oso ongi ulertzen dira, eta gure historiako garai batzuk kontuan hartzen ditu. Gazteek badute aukera antzerki horien bitartez hemengo gertakarien ezagutzeko.

Antzerkigintzaz asko esan da, baina zer esango zenuke gainerako produkzio literarioaz?

Ipuin, istorio, kontakizun... bere inguruko gertakarien kontaketa da. Bere herria asko maite zuen. Egin zuen Joxe Migel Barandiaranek esan zuena: “Ezagutu zure herria, besteen herria ezagutu baino lehen”. Bera horretara joaten zen, bere herria ezagutzera. Herri honen ezagutza oso eskasa zela sentitzen baitzuen. Tresnak utzi ditu gure mundua, bere mundua, ezagutzeko aukera izan dezagun. Piarres Xarritonek argitaratu ditu bere lan guztiak; denen eskura dira, eta altxor bat da.