Khami, euskal folklorea eta munduko musiken koktela, jazzaren erritmoz emana
Tradiziozko euskal musika eta munduko musikak kokteleran sartu, izan ditzaketen antzekotasun edo uztartzeko moduak ikertu eta jazz estiloz interpretatu ditu Khamik, «Bazzque World Sounds» lehen lanean.

Musikaren munduan ibilbide garrantzitsuak dituzten sei musikarik osatzen dute Khami proiektua: Carlos Sagi konposatzaile eta perkusionista, Garikoitz Mendizabal txistularia, Iñaki Salvador piano-jotzailea, Kike Arza kontrabaxu-jotzailea, Iraide Ansorena perkusionista eta Luis Gimenez gitarra-jotzailea. «Proiektua abiatu nuenean bi asmo garbi nituen: euskal folklorearen gainean ikertzea eta kultura ezberdinen arteko paralelismoak aurkitu eta harago eramaten saiatzea. Eta, horretarako, musikari onak nahi nituen nire alboan», azaldu zuen Sagik elkarlan honek eman duen lehen fruitua, “Bazzque World Sounds”, aurkezteaz batera.
Hala, diskoan zehar euskal folklorearen sustraietan dauden hainbat doinu eta musika tresna (danbolina, txistua, albokak, perkusioa...), Brasil, Japonia, Turkia, Afrika edo Balkanetako musikekin uztartuta entzun ahal dira, baina, guztiak, seikotearen galbahetik pasa eta jazz ukituz landuta. «Asmoa ez zen musika eta folklore ezberdinak aztertu eta ikasitakoa erreproduzitzea, baizik eta ikasitakoa gure modura ematea», azaldu zuen Sagik, eta diskoa bateratzen duena jazza dela nabarmendu zuen. Musika molde ezberdinak baditu ere, gaineratu zuen «musika landua baina entzunerraza» dela, euren bokazioa «publiko ororengana iristea» baita.
Khami ez da euskal musika eta mundukoak uztartuta aurkezten dituen lehen formazioa, eta, hala, Sagik eurak «berrikuntzekin» datozela ziurtatu zuen, esaterako, konposizioetan txistuari ematen zaion garrantzia. Bide horretan, Mendizabalek Japoniako musika eta txistua uztartuta “Arbasoak” kantuan egindako lana goraipatu zuen. Diskoak biltzen dituen gainerako bederatzi abestietatik sei eurek sortuak dira eta hiruk euskal kantugintzan dute oinarria: “Bautista Basterretxe”, “Txirritaren oroitarria” eta “Akerra ikusi dugu”. Azken hori da, poema formatuan, ahotsa daraman diskoko kantu bakarra.
Musikene epizentro
Salvadorrek Musikene izan zuen hizpide diskoaren aurkezpenean. Bertako irakasle da Salvador eta ikasle izan ditu orain taldekide dituenak, eta, hala, goi mailako musika ikastetxearen garrantzia nabarmendu zuen: «Musikenek zerikusi handia du proiektu honetan, halako gune batek ahalbidetzen baitu halako proiektuak sortzea. Ederra da irakasle eta ikasleen arteko harreman hauek sortzea eta Musikene gizarteratu ahal izatea», ziurtatu zuen.
“Bazzque World Sounds” diskoaren lehendabiziko jendaurreko aurkezpena asteartean egingo dute, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club Aretoan. Sarrera doakoa baldin bada ere, kontzertura sartzeko ezinbestekoa da gonbidapena izatea eta horiek asteartean bertan eskuratu ahal izango dira antzokiko leihatilan, 17.00etatik aurrera.

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian
