Paperezko Elearazi, oroitzapen fisiko bat
Elearazi egitasmoak bere leihoa itxi zuen joan den martxoaren 11n, hiru urtetan itzulpengintzaren bueltan hausnarketa eta argitalpen ugari jendaurrera eraman ondoren. Sarean urratutako bidea amaitutzat eman bazuten ere, Garazi Arrulak eta Danele Sarriugartek, zikloa finitzeko, paperean argitaratuko dituzte lanik esanguratsuenak bi liburuxkatan. Ekoizpen gastuei aurre egiteko «crowdfunding» kanpaina abiatu dute.

Garazi Arrulak eta Danele Sarriugartek sortu zuten 2012ko martxoaren 12an Elearazi itzultzen proiektua. Itzulpengintzaren gainean hausnarketarako gunea zabaldu zuten blog baten bitartez. Unibertsitateko ikasketak amaitu berritan ziren orduan. Astero gutxienez eduki bat argitaratzeko konpromisoa hartu zuten bere garaian eta fin bete dute emandako hitza. Leiho horrek hiru urte iraun zuen zabalik, aurtengo martxoan, hirugarren urteurrenarekin batera, ixtea erabaki zuten arte. Orain, azken festa modura, digitala zena paperean eskaini nahi dute eta irakurleen artean crowdfunding kanpaina abiatu dute argitaratuko diren bi liburuxken ekoizpen gastuei aurre egiteko.
Bi liburuxka horiek urte amaierarako kaleratu nahi dituzte. Lehenengoan euskarara ekarri zituzten autoreen lagin bat erakutsiko da. Pieza osoak dira, jatorri desberdinetako autoreenak, emakume idazleenak... eta, gainera, blogera eraman ez zituzten bi idazleren itzulpenak, ale horretarako berariaz prestatutakoak; Lydia Davisen hiru mikroistorio eta Lina Meruaneren kontakizun bat. Bigarrenean itzultzaileei egindako elkarrizketen hautaketa bat eta zenbait kronika bildu dira.
Crowdfunding ekoizpen gastuak estaltzeko baliatuko da. «Argi geneukan nahiko hasieratik horrelako autoedizioa-edo izan beharko lukeela, batetik gure baliabideak kontuan hartuta eta, bestetik, ez genuelako asmorik gauza gehiago argitaratzeko. Itzulpenek egile eskubideak dituzte eta argitaletxeek horrelako gauzak kontuan hartzen dituzte, eta gu ‘piratago’ ibiliko gara», adierazi du Sarriugartek berak.
Diru ekarpena hiru mailatan egin daiteke. Lehenengo saria hamar eurokoa da, eta horren truke liburuxketako bat jaso daiteke, norberak aukeratzen duena. Bigarren aukera 18 eurokoa da, bi argitalpenen truke. Azken bat ere bada, 120 eurokoa, liburu dendei begira egindakoa, «bereziagoa», eta horrekin bi liburuxkak eta aurkezpen bat antolatzeko aukera jasoko dira. Helburua 3.500 euro eskuratzea da. Dagoeneko %72 lortuta badute ere, Sarriugartek laguntza behar dutela azpimarratu du. «Harrera ona izan dugu. Lehenengo egunetan harrituta geratu ginen, gero pixka bat geldirik geratu da. Baina ohartu naiz apur bat lotuta dagoela tematzearekin. Egiten dudan bakoitzean halako Twitter saio bat pare bat pertsona gehiago lotzen dira. Animatuta gaude esan digutelako jendea azken momentuan animatzen dela», esan du itzultzaile eta idazleak bromatan. Hamar eguneko epea dute oraindik –urriaren 31ra arte– ekarpenak jasotzen jarraitu ahal izateko.
Elearazi.eus bloga martxan jarri zutenetik kolaboratzaile ugari izan dituzte alboan, baita paperezko aleetako azaletan ere. Otxalbek egindako diseinuak jaso dituzte kasu honetan, arreta handia piztu duten lanak.
Matxoaren 11n itxi zuten Sarriugartek eta Arrulak itzulpengintzari zabaldutako leihoa. Egitasmoari behin betiko amaiera eman badiote ere, itzulpenaren bidea urratzen jarraitzeko beharraz eta aukeraz ere mintzatu da idazle elgoibartarra. «Bukatu genuenean arnasa hartzen utzi eta nahiko azkar jarri ginen paperekoa kudeatzen urte amaierarako bideratu nahi genuelako. Diru bilketa kanpaina arrakastaz amaitzen badugu, gero banaketa fasea etorriko da eta hori eta gero bai egon daitekeela bideren bat jarraitzeko, baina ez dakit nola. Hasi ginenean –jarraitu zuen–, ikasketak amaitu berritan, bizitza ez daukazu hain konpartimentatuta eta orain denbora pixka bat beharko dugula uste dut. Nolanahi ere, Elearazi martxan zegoen bitartean itzultzaileen komunitatearen presentzia gero eta handiagoa sumatu dut, proiektu gehiago atera dira, baina bada bide bat jorratzen jarraitu beharrekoa», esan du amaitzeko Sarriugartek.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
