Bete beharko ez lukeen 5 urteko zigorra eskatu du fiskalak Bonnemaisonentzat

Atzoko saioarekin amaitu zen Nicolas Bonnemaison Baionako sendagile ohiaren kontra urriaren 12an Angerseko auzitegian hasitako epaiketa. Iazko ekainean, lehen instantzian epaitu zutenean, Paueko auzitegiko fiskalak egindako eskaera berbera egin zuen Angersekoak, betebeharrik gabeko bost urteko espetxe zigorra, alegia. Orduan, errugabe jo zuten baina Fiskaltzak helegitea jarri zuen eta, horren ondorioz burutu da bigarren epaiketa hau.
2010 eta 2011 artean erietxeko zainketa aringarrietako unitatean hilzorian zeuden zazpi gaixo «pozoitzea» leporatu zioten Hazparneko medikuari. Akusazio partikular gisa, zendutako bi eriren senideek ere bere aurka jo dute. Fiskalaren esanetan, frogatua gelditu da «gutxienez sei kasutan heriotza eragin izana eta ez zaintzea» zuela helburu.
Bonnemaisonnen defentsak, berriz, absoluzioa eskatu zuen eta oso haserre azaldu zen fiskalaren hitzekin. «Argudio zeharo okerra da. Edo hiltzaile bat da eta orduan ezin da zigor hori eskatu, edo sendagile gisa jardun zuen eta errugabetzat jo behar da», esan zuen bere abokatuak. Hala, bere bezeroa absolbitzeko «ausardia» eskatu zien epaileei.
Legea, Senatuan
Iaz lehen epaiketan gertatu bezala, epaiketa honek eutanasiari buruzko eztabaida berritu du, are gehiago gaixoen bizi-bukaera arautzen duen Leonetti legearen erreforma eztabaidatzen ari den honetan.
Hollande presidenteak bere programan agindutako gai bat zen. Sedazioan eta azken borondateen adierazpenean zentratu da, batez ere, eztabaida. Asanblea Nazionalak 2. testua onartu du eta orain Senatuan berrikusiko da. Ez da espero, ordea, aurrera egingo duenik.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
