Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Kontuak eman!

Fiskalitatea berriro albiste. Nonbait foru-nazio honen diputazioek ustez bildu behar zutena ez dute bilduko. Usteak ustel. Saiatu ez diren seinale. Bilduk gehiago bildu zuen Gipuzkoakoan aurreko urteetan, saiatuta; izena izanetik zetorkion. Aberatsek abereak atera behar izan zituzten moketa azpitik argira, ateratzen hasi behintzat. Bilduren abiapuntua zen, esaera zaharrei jaramon eginda: kontuak atera, guztiei, eta, kontuak eman, guztiok. Gero etorri diren aurrekoek beste esaera zahar bat nahiago izan dute, moketarik moketa: kontu kontari ibili, nonbait zergak ordaintzea inposizioa delakoan. Bada ez, abiapuntuan bertan da herritarren betebeharra zergak ordaintzea dela, herritarron eskubidea bildutakoa zelan eta zein norabidetan inbertitzen den erabakitzen esku hartzea den bezala. Ongizate Estatua ezbaian, foru-nazioaren nolakotasuna bera. Bada bai, kontuak zelan egiten diren funtsezkoa da, horrek baldintzatzen duelako aurrekontuen izaera. Azken batez, aurrekontua esaten den hori, berez, “atzekontua” da. Gizartea ikusteko modua ezbaian.

Estatua esan dudala, estatutua gogora. Gaur urteurrena, fosilaz akordatzen direnek diotenez. Hori albistea bada, hedabideek berri faltan diren seinale. Gaur benetako albistea bart izan zen ordu aldaketa da. Batzuentzat ordu bat gehiago estatutu hura txalotzeko edo; besteentzat ordu bat gehiago bestelako norabidean ibilia egiteko. Tira, harira! Iraganekoa ondare har daiteke, sarri behintzat, baina gutxitan har daiteke etorkizunerako derrigor segitzekoa. Hobe da lasai jesarri, burua hoztu, denbora hartu eta erabaki nahi dutenen artean sendo eta zabal erabaki gaurko planetan euskaldunok hartu beharreko norabidea. Bitartean, Gernika ezaguna izango da munduan, bai, urriaren azken astelehenean mahai gainean izango diren elikagai osasuntsuengatik. Goseak nago.