Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Enpatiko solidarioen bandoa

Amak auto-istripua izan zuen joan den astean. Ezer larririk ez, fisikoki; psikologikoki, ordea, lur jota zegoen. Norbere heriotzaren hatsa hurbilegi sumatzeak dakarren izuak jota zegoela, garabia- gidariaren hoztasuna jaso zuen lehenengo. Ospitalean, sendagilearen robot-jarioa, inolako enpatiarik eza bizia galtzear egon berri denarentzat. Gau gogorra izan zuen amak, kanpoko izotzak barrualdea goibelduta.

Zorte izugarri txarra gau hartan topatzea besteei aditzeaz, begiraden esanahiez, hitzen aukeraketaz... zainketa emozionalez, alegia, ezertxo ere ez dakitenak. Egunero dakuskigu pertsonon arteko axolagabekeria eta itsukeria; sarri, halaber, elkartasuna eta ardura. Bestela, miserien zabortegi hutsa litzateke mundua. Horregatik merezi du, tarteka bada ere, kaltetuari eskua botatzearren bere alea jartzen duenaren berri izatea. Gogoratzen digu gure esku dagoela zein bandotakoak izan, zein jokabide gauzatu: norbanako berekoi uzkurrena edo enpatiko solidarioena.

Horra azken horien arteko bi adibide, beren dohaina emakumeen zerbitzura jarriak dutenak: Flavia Carvalho eta Sara Ortuzar tatuatzaileak. Lehenengoak genero-indarkeriaren kontrako kanpaina bat du abian Brasilen, eta tratu txarrak jasandako emakumeei lagunduz gauzatzen du, irudi ederrez estalita haien gorputzetako orbainak. Emakume batek eskatuta egin zuen aurrenekoa, eta ohartu zen zer-nolako onura emozionala opari ziezaiekeen indarkeriaz markaturiko emakumeei. Ortuzar bilbotarrak, kanpotik, areolak berreraikitzen dizkie mastektomia jasandako emakumeei; barrutik, konfiantzaz eta segurtasunez hornitzen ditu, bizipozez. Emakume bat joan omen zitzaion behin hori eskatuz, eta ezetz esan behar izan zion, ez zekielako nola egin. Ahantz zezakeen eta tatuaje artistiko arruntak egiten jarraitu, baina jabetu zen emakumeon berariazko arazo mingarrienetako bat, neurri batean sikiera, konpon zezakeela. Bere kabuz ikertu, sendagileekin harremanetan jarri eta, egun, harro dihardu gaixo egondako emakumeen osaketa emozionalean laguntzen.

Zainketa fisikoa irudi lezake egiten dutena, edo emakumeoi egotzitako obsesio estetikoaren beste isla bat, baina ez da. Mens sana in corpore sano sonatuaren aldaera da: Corpore sano in mens sana; ezinbestekoa kanpokoak barruaren lasaitasuna, ondo kostata lorturiko hori, ziztatzen eta eragozten duenean. Emakumeok bereziki, inposatuta eta barneratuta, larregi nozitzen duguna.