Andoni ARABAOLAZA
HORMATZARRAK

Lau emakumezko eskalatzaileKirgizistanen gogor estutzen

Marina Popova, Julia Borisova, Alexandra Mentovskaya eta Olesya Babushkina errusiarrek Alexander Block mendiaren (5.239 m)mendebaldeko aurpegiko «Gunko» bidearen (6A errusiar eskalan, 950 m) lehen errepikapena egin dute. 4 eguneko eskalada izan zen.

Kirgizistango mendiak aipatzen ditugunean, kasu askotan haien izenek lekuz kanpo harrapatzen gaituzte. Jakina, badira batzuk ezagunagoak direnak, baina, oro har, arrotzak direla azpimarra dezakegu. Bada, hurrengo lerrootan Pamirreko Ak-Su eskualdean dagoen Alexander Block erpinera(5.239 m) abiatuko gara; izan ere, lau eskalatzailek (guztiak ala guztiak emakumezko errusiarrak dira) mendiaren mendebaldeko aurpegian dagoen “Gunko” bidearen (6A errusiar eskalan, 950 m) lehen errepikapena egin dute.

Aipatu behar da marra hori izen handikoa dela duen zailtasunagatik, luzeragatik eta zabaldu zuten eskalatzaileen eskarmentuagatik. Eta hormatzar horretan gogor estutzen izan direnak Marina Popoya, Jukia Borisova, Alexandra Mentovskaya eta Oleysa Babushkina dira. Kirgizistango mendiak bezala, protagonistok ere geure zirkulu hurbilenean ez dira batere ezagunak. Gogorrak eta zailduak bai, baina ezezagunak.

Lau alpinista indartsu, guztiak Siberiako Krasnoyarsk hirikoak. Talde honek 2010. urtean (urtarrilean, hain zuzen ere) Vladimir Gunko, Georgiy Kalita eta Pavel Vlasenkok zabaldutako bidearen bigarren igoera erdietsi du. Horretarako, lau eguneko lana egin behar izan zuten; hiru eta erdi hamaketan zintzilik. Bestalde, baldintza oso kaskarrak egokitu zitzaizkien: hotz handia, elurra, euria...

Eta eguraldi baldintza gogor horietan igo zuten 6A zailtasuna (gure eskalan ED+ gutxi gorabehera) duen ia kilometro bateko marra. Ingurumari hartako adituek diote “Gunko” bidea zailenetarikoa dela (errusiar eskalan 6B da zailtasun handiena), baina, era berean, bide agerikoa eta naturala dela. Beste era batera esanda, artifizialean eskalatzeko plaka leunak ez ditu jarraitzen.

Hori guztia irakurrita, Popovak adierazi du marra horretan sartzeko irrikitan zeudela: «Lehen errepikapen hau ez da batere erraza izan. Euriak eta elurrak asko baldintzatu zuen geure eskalada, eta, gainera, su txiki bat hondatu zitzaigun. Alabaina, ‘Gunko’ bidean sartu baino lehen, hainbat eta hainbat hormatzarretan eskarmentu handia hartu genuen, eta azken bidaia hau zirraragarria izan da! Aitortu behar dugu ere gure ibilbidean inoiz ez dugula hainbeste zailtasun eta hain gogorra den izaera horretako big-wall bat eskalatu. Bestalde, harrien erorketekin zorte handia izan dugu; bide hau espero genuena baino askoz ere seguruagoa da. “Gunko”-ren ezaugarriei dagokienez, lasai asko esan dezakegu garrantzitsuena zeharkaldietan kokatzen dela. Makina bat zeharkaldi (guztiak ala guztiak diagonalean) eskalatu behar dira. Baina horretarako ere prestatuta geunden. Eta eskalada zaila izan bada ere, ez dugu paraboltik erabili».

Hurrengo lerrootan, Popovak berak emango digu Alexander Block mendiko “Gunko” bidean izandako esperientziaren berri.

Baldintza gogorrak

«Iaz Karavshinen eginiko espedizioaren ostean, nire hurrengo xedea Pamir-Alayn dauden Laylak izeneko zintzurretan zeuden. Ingurumari hartan mendiek garaiera handiagoa dute, eta eskalatzeko proposamenak zailagoak dira; betiere, elurrezko zein izotzezko eremu askorekin. Joan den neguan argi neukan alderdi hartara joan nahi nuela, eta udaberrirako dena prest zegoen. Marina, Alexandra eta hirurok bagenekien eskalada zail bati aurre egin behar geniola, baina jakin bagenekien ere gai ginela helburu horri ekiteko. Laugarren kide baten bila jardun genuen. Hilabete baten buruan hainbat izen aztertu nituen, eta, azkenean, Juliari eskaintza egin nion. Ez zuen zalantza izpirik izan, eta baiezko erantzuna eman zuen. Alexander Block mendira abiatu ginen, eta gurekin beste hiru gizonezko: Denis Prokofiev, Vladimir Sysoev eta Roman Abildaev. Horien asmoa mendiaren ipar aurpegian 2.007. urtean zabaldutako ‘Korokov’ bidea eskalatzea zen.

Gure eskaladaren plangintza oso soila zen: girora egokitu eta esku artean genuen xedean buru-belarri sartzea. Hori bai, gure kideek esan ziguten antolatutako kanpaleku nagusia ezin genuela zaindu gabe utzi; inguruko herritarrek batzuetan lapurtu egiten zutelako. Balizko egoera hori saihestu ahal izateko, bi talde misto eratu genituen. Ez zen batere erosoa, baina, bederen, gure tresneria zainduta zegoen.

“Gunko” bidean sartu aurretik, taldekideok girora egokitzeko beta hartu genuen. Besteren artean, Ponochevali (3.800 m) eta Badygina (4.800 m) mendiak igo genituen; azkenengo horrek kanpalekutik gailurrera bederatzi orduko lana eskatu zigun.

Prest geunden ‘Gunko’ marran sartzeko. Bidearen lehen errepikapena poltsikoan sartu nahi genuen. Hori garrantzitsua zen, baina are gehiago bidearen izaera. Marra zabaldu zutenekin hartu-emanetan jarri nintzen, eta beharrezko argibide guztiak eman zizkidaten. Guk agerikoa den marra bat eskalatu nahi genuen, eta ‘Gunko’-k hori eskaintzen zuen.

Gure helburuan lehen urratsa egiteko pronto geunden. Mendebaldeko paretara hurbiltzeko lana gogorra izan zen oso; izan ere, 2.800 metrotik 4.350 metrora dagoen bidea oso deserosoa da: morrenak, glaziarrak... zeharkatu behar genituen.

Eguraldiak okerrera egin zuen, eta hormatzarra blai zegoen. Gure eskalada bi egun atzeratu ondoren, uztailaren 21ean sartu ginen ‘Gunko’-n. Lehendabiziko metroak zailak ziren. Artesiak ez ziren batere fidagarriak, eta emeki-emeki eskalatu behar izan genuen. Paretak zuen elurra pixkaka urtzen hasi zen, eta goitik zetorren ur emariak blai eginda uzten gintuen. Hainbat luze egin eta gero, elurrezko tarte batekin topo egin genuen. Jarraitzeko arazoak genituenez, hamaketara jaitsi ginen.

Biharamunean, tximiniez osatutako sekzio bat eskalatu genuen. Hori bai, aipatu behar dut tximinia horiek izotza zutela. Datu adierazgarri bat: luze eta erdi batek lau ordu eta erdiko lana eskatu zidan. Urduritasun handiko uneak izan ziren, besteak beste, babesteko aukerarik apenas zegoen. Bederen, arratsalde horretan ez zigun euririk egin.

Eskaladaren hirugarren egunean bidearen giltzari ekin genion. Hainbat zatitan arrokaren kalitatea ez zen ona eta aseguruak jartzeko komeriak izan genituen. Berriro euritan hasi zen, eta ondoren, berriro eguzkia atera zen. Arratsaldeko 5:30 ziren, eta aurretik 65 metroko zeharkaldi bat zegoen. Biharamunerako uztea erabaki genuen. Hamaketara bustita jaitsi, eta ezustekoa iritsi zen: su txikia hondatu zen. Hura konpontzen saiatu ginen, baina, azkenean, ur hotza edan eta fideo lehor batzuk, gazta pixka bat eta saltxitxak jan genituen.

Azken eguna genuen aurrean. Luze gutxi batzuk falta ziren, eta ilunabarrerako mendiaren gailurrerian geunden. Gauaren erdi-erdian tontorrera heldu ginen. Oraindik lasaitzeko betarik gabe eta erabat blai eginda, bidea rapelatzeari ekin genion. Ordu asko izan ziren, baina pozarren ginen».