MIKROKOSMOS BERRI BAT EUROPAKO ABESBATZEN SARI NAGUSIRAKO SARBIDE
AZKEN EGUNA IZAN ZUEN ATZOKOA TOLOSAKO ABESBATZA LEHIAKETAREN 47. EDIZIOAK. IRABAZLEEN ZERRENDA JAKITERA EMAN ZUTEN ETA NAGUSITASUNA MIKROKOSMOS KORU FRANTSESAK IZAN ZUELA EBATZI ZUEN EPAIMAHAIAK. LAU KATEGORIATAN LORTU ZUEN GARAIPENA.

Jendetza bildu zen atzo Tolosako Leidor antzokian Abesbatza Lehiaketaren azken egunean. Ostiralean hasitako lehiaren amaiera eguna zen, aurten parte hartu duten hamasei taldeen artetik epaimahaiak onentzat jotakoak jakinarazteko ordua. Nabarmena zen han batutako ikusleak aurreko saioetan ere egonak zirela. Bakoitzak bazuen bere faboritoa eta irabazleen izenak botatzen joan ahala, epai eta iritzietarako tartea ere hartu zuten batzuek.
Entzuleen Sariarekin hasi eta Kutxaren Sari Nagusiraino, orotara sei sari banatu ziren. Haur abesbatzei eskainia bata, helduenak gainerako guztiak. Mikrokosmos talde frantsesak bereganatu zuen itxiera jardunaldiko protagonismoa, orotara lau sariren irabazle izanda. Entzuleen Sariarekin hasi, Polifonia eta Folklore kategorietatik igaro eta Kutxaren Sari Nagusiraino. Azken hori, lehiaketako garrantzitsuena. Izan ere, hori lortzen duen abesbatzak –kategoria guztietan puntuaziorik altuena lortu duenari ematen zaio– 2016an Bulgariako Varnan egingo den Europako Abesbatzen Sari Nagusirako izendapena jasotzen baitu zuzenean.
Proposamen ausartak eraman zituen abesbatza gazte horrek –aurten parte hartu duten talde gehienak ere oso jende gaztez osatutakoak izan dira–, perkusioak eta ahots tonalitate konplexuak –baxu eta altuak oso zorrotzak– ekarri baititu.
Javier Busto mahaiburu izan du aurtengo epaimahaiak, AEBetako, Japoniako, Alemaniako, Hegoafrikako eta Letoniako adituez osatutakoak. Aurtengoan, bi urtez behin egin ohi den bezala, haur abesbatzak ere izan dira Tolosan eta Kataluniako Cor Infantil Amics de la Uniok eraman zuen lehenengo saria bere kategorian.
Edizio honetan, urtero legez, nahitaezko obrak izan dituzte parte hartzaileek, euskaraz kantatu beharrekoak. Lan horretan Emils Darzins Mixed Choir talde letoniarra izan zen onena.
Amaieran, irabazleek publikoaren agurra jaso zuten. Aretoa zutik eta Javier Bustoren beraren gidaritzapean, “Agur Jaunak” kantatuaz eman zitzaion amaiera 47. urtez maila mantendu duen nazioarteko lehiaketari. Helburua beteta, hurrengo urtera begira dira dagoeneko.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
