GARA
PASAIA

Patxo Telleriaren «Igelak» lan luzea filmatzen hasi dira Pasaian eta Oiartzunen

Patxo Telleriak idatzi eta zuzenduko duen “Igelak” film luzearen filmaketa hasi zen astelehenean. Gorka Otxoa du protagonista,“By Pass” lanean gertatu bezala.

"Igelak" Gipuzkoako Pasaia eta Oiartzun udalerrietan hasi dira filmatzen, eta lan horiek zazpi asteko iraupena izango dute, arduradunek adierazi dutenez.

Euskara hutsean filmatuko dute, eta batez ere Donostian eta inguruko herrietan egingo dituzte lanak.

Euskal musikari ezagun askok parte hartuko dute, hala nola Ainhoa Artetak, Xabi Solanok, Gose taldeak, Francisek, Natxo de Felipek, Oreka TX txalapartari bikoteak eta Gatibu taldeak; hain zuzen, Gernikako taldeak filmerako abesti bat konposatuko du.

Gorka Otxoak banku sukurtsal bateko zuzendariaren rola beteko du. Aktoreen zerrenda, Otxoarekin batera, Miren Gaztañagak, Josean Bengoetxeak, Gurutze Beitiak eta Mikel Losadak osatuko dute.

Patxo Telleriak idatzi eta zuzenduko duen filma musika ukituak dituen euskal komedia izango da, eta Joxe Portela eta Alberto Gerrikabeitiak (Abra Produkzioak) ekoitziko dute, 2.000.000 euroko aurrekontuarekin.

Filmaren lantaldean, Juanma Pagazaurtundua produkzio zuzendaria, Aitor Mantxola argazki zuzendaria, Peio Villalba arte zuzendaria, Saioa Lara jantzi arduraduna, Iciar Arrieta eta Lola Lopez ile apainketa eta makillaje arduradunak eta Iñaki Salvador musikaria daude.