2015/11/07

JON ALONSO
IDAZLEA

Euskaltzaindiaren eta unibertsitatearen gaineko gogoeta interesgarriak bildu ditu Jon Alonso idazle iruindarrak Txalapartarekin argitaratu berri duen «Hiri hondakin solidoak» nobela beltzean. Enekoitz Ramirez «Lanbas» unibertsitate irakasle baten heriotza misteriotsua ikertzera bidali du oraingoan.

«Helburua euskararen erabilera bada, eta jaisten ari bada, zerbait ari gara gaizki egiten»
Amalur ARTOLA|DONOSTIA
1107_kul_alonso3

Euskaltzaindian jasotako hainbat mehatxu-oharren jatorria aztertzen hasi eta unibertsitate irakasle baten heriotza misteriotsua argitzeko aztarnen bila abiatuko da Enekoitz Ramirez Lanbas “Hiri hondakin solidoak” eleberrian. Jon Alonsok “Camembert helburu” (1998) eleberrirako sortu eta “Zintzoen saldoa”n (2012) berreskuratu zuen pertsonaiak Bartzelonara bidaiatuko du oraingoan eta, joan-etorrien artean, unibertsitatearen elitismoaz, Euskaltzaindiaren funtzioaz eta euskararen gehiegizko arautze eta formalismoaren gainean hausnartuko dute pertsonaiek.

Irakurleak lehen orrialdeetan konkistatzen omen dira. Hasiera bikaina eman diozu eleberriari. Nolatan otu zitzaizun? Halako hasiera baten bila aritu zinen?

Egia esan, ez dakit nola etorri zitzaidan burura. Hasierak zer garrantzia daukan, denok dakigu, eta hortaz, aldez edo moldez beti saiatzen gara hasiera erakargarriak asmatzen. Baina non, nola edo zergatik bururatu zitzaidan hau, ideiarik ez.

Lanbasen lagun idazleak Euskaltzaindiaren gaineko hausnarketa interesgarriak egiten ditu. Besteren artean, honakoa: «Kontrolaren arrazoia erabileraren gainetik jartzen du, eredu ideal eta eskuraezin bat aitzakia hartuta». Zure asmoen artean zegoen Euskaltzaindiari kritika egitea edo gehiago izan da gai honekiko hausnarketa bultzatzeko asmoa?

Euskaltzaindia euskalgintzaren erakunde zentrala eta nagusia izan da joan diren hamarkadetan. Beste askotan ere esan dudan bezala, eta gauza jakina denez, bestalde, Euskaltzaindiaren papera, azken berrogei-berrogeita hamar urteetan, historikoa izan da, ezinbestekoa, eta garrantzi handikoa. Paper hori, noski, hainbat ardatzen arabera gauzatu da: euskara estandarraren ortografia zehaztea, sintaxiaren gaineko arauak ezartzea, hiztegia finkatzea, eta abar. Hori dena ezinbestekoa zen, eta eskertzekoa da, zinez. Baina funtsean, lan hori eginda dago. Horretarako, gainera, Euskaltzaindiaren lana ez ezik, araua zaintzeari begira eta irizpide filologikoen mende dagoen elite bat sortzea –zuzentzaileak, itzultzaileak, funtzionarioak…– izan da beharrezkoa. Horrela lortu dira beharrezkoak ziren estandarizazioa eta gutxieneko maila formala. Baina behin hori lortuta, ardatz berberen inguruan jarraitzeak ez dauka zentzurik; beste behar batzuei begira lan egin behar da, beste lehentasun batzuk ezarri behar dira eta beste eragile batzuei eman behar zaie garrantzia. Egiten den kritika, horregatik egiten da, ez kritika egiteagatik edo euskaltzainei buruz gaizki esaka ibiltze hutsarengatik; eta kritika honekin bultzatu nahi den eztabaida mota horretakoa da.

Liburuaren aurkezpenean, euskararen gehiegizko arautze eta formalismoari, «garbizaletasunari» aurre egiteko ordua zela aipatu zenuen. Ze bide jorratu beharko litzateke?

Ikusi soziologoek, instituzioek, eta euskararen etorkizunaz kezkatuta dauden guztiek gero eta gehiago plazaratzen duten kezka: ezagutza gero eta handiagoa da, baina erabilera behera doa. Hori konstante bat da duela urte batzuetatik hona. Beraz, helburua erabilera bada, eta jaisten ari bada, zerbait ari gara gaizki egiten. Komak behar bezala ipintzeko manual bat oso garrantzizkoa da, erabileraren aldetik? Hitz elkarketako marratxoa noiz ezarri behar den arautzea lehentasun bat da, euskararen erabileraren aldetik? Euskararen ahoskera lehentasunezko gaia da, erabilerari begira? Eta zenbat baliabide, ekonomikoak eta pertsonalak, zuzentzen dira horrelako lanetarako? Esaterako, euskal administrazioek gero inork irakurtzen ez dituen itzulpenak egiteko hilabete batean gastatzen duenarekin, pelikula bat egiten ahalko litzateke. Zer bide jorratu beharko litzatekeen? Ez dakit; orain artekoak zer dakarren bai, ordea. Alegia, erabilera beheratzea. Eta gutxienez gaia benetan serio hartzeko garaia dela ere bai.

Idazleak lotuegi daude/zaudete formalismo horretara?

Bai, noski. Idazleak ez gaude giro orokor aski itogarri horretatik kanpo. Esku bateko hatzak aski zaizkit hizkuntzarekin esperimentatzen ausartzen diren idazleak zenbatzeko. Eta horiek, ongi kostata irabazi dutelako eskubide hori. Gainerakoei, esperimenturen bat egitea okurritzen zaigunean, zuzentzaile batek gorriz markatua itzultzen digu, esperimentazioa ez, eta okerra, akatsa delakoan.

Lanbasek ere baditu gogoeta interesgarri askoak; unibertsitateko liburuak errezetarekin soilik saldu beharko liratekeela dio, esate baterako. Liburuan, unibertsitate formal bezain gizartetik urrunekoa marrazten duzu. Hori ere kritika bat izan da?

Zuri zer iruditzen zaizu unibertsitatea? Niri gero eta elitistagoa iruditzen zait. Tasak gora eta bekak behera. Langileen seme-alabak uxatu nahi dituzte unibertsitatetik. Gero eta hitsago ere bai: nik, unibertsitatetik pasatu nintzenean, ez nuen ia ezer ikasi, baina balio batzuk behintzat ikasi nituen: elkartasuna, bizitzaren zentzu kolektibo bat, kritiko izatea… Orain kontrakoa da, indibidualismoa eta lehiakortasuna bultzatzen dira. Oraingo unibertsitateak oso serio hartzen du bere burua, baina gero begiratzen duzu rankingean eta Europako lehen bostehunen artean ere ez dira sartzen. Solemne bihurtu dira, kalitatezkoak izan gabe, eta lehengo balio positiboak galduz. Gero, gainera, Espainiako unibertsitatea oso espainiarra da, izugarri espainiarra. Bi hitzetan, nire ustez unibertsitatea gero eta txapuzeroagoa da eta kaserna itxura handiagoa dauka.

Zer du Lanbasek Jon Alonsotik? Ezer badu, bederen.

Biografikoki, ezer ez, edo oso gutxi. Iritzietan eta eszeptizismoan antza eduki genezake, baina Lanbas autonomia hartzen joan ahala, gero eta gutxiago. Esaterako, konturatzen bazara, zuk “kritika” moduan atzeman dituzunetako batzuk ez ditu Lanbasek esaten edo egiten, nobelako beste pertsonaia batzuek baizik.

Liburu landua da, gogoeta askokoa. Aurkezpenean, Mikel Sotok berak aipatu zuen «beratzen» utzitako lana dela. Zenbat denbora eman duzu liburua lantzen? Zelakoa izan da prozesua eta ze onura ekarri dio horrek liburuari?

Ia erabat bukatua zenean, amaitzeko presa eduki beharrean, denbora pixka bat pasatzen utzi genuen, distantzia hartzeko. Gertatzen da, ba, zerbait gisatzen duzunean hurrengo egunean goxoago egoten dela egin berri denean baino, ezta? Bada, horrelako zer edo zer. Puntu honetan, eskertu nahi dut Mikel Sotoren edizio-lana, baita Koldo Almandozen irakurketa ere.

Izango dugu, noski, Lanbasen ikerketa berrien berri, ezta? Hala bada, baduzu ideiarik buruan, aurrera daitekeen ezer?

Gaiak ez dira falta. Nik nahiko nuke lau-bost liburutako sail bat egitea, eta egin ahala saila hobetzea, osatzea, eta abar. Baina gauza bat da nahia, eta beste bat, gero, errealitateak eta eguneroko bizitzak nora eramaten zaituzten. Beraz, dagoeneko gehiegi esan dut.

Nobela beltz klasikoa da “Hiri hondakin solidoak”. Egun, badirudi Euskal Herrian girotutako nobela beltzen moda moduko bat badugula. Hala ikusten duzu? Eta ze kalitateko nobelak dira? Nola ikusten duzu generoaren (edo generoaren gertuko lan hauen) osasuna?

Galdera ona da, baina erantzun luzea behar du, elkarrizketa batean egiten ahal dena baino luzeagoa. Hasteko, niri iruditzen zait “nobela beltza” kasik hondorik gabeko zaku bat dela, eta zaku horretan ia edozer sartzen dela. Iruditzen zait, halaber, moda bat dagoela, edo loraldi bat, baina interesatua: alegia, ez dakit gurea “beltza” dela aldarrikatzen dugunok ez ote garen egiten ari “entretenimenduaren” aldeko aldarri bat, hau da, ez ote gabiltzan irakurleari esaten lasai, ez dela aspertuko. Eta kontuz, niri hori zilegi iruditzen zait, generoa ez delako inorena, guztiona baizik, eta inor entretenitzeko asmoa, berez, asmo noblea delako; baina gero aitortu behar da etiketaren azpian mota, helburu, asmo, ideologia eta kalitate oso ezberdinetako gauzak daudela, eta hor irakurleak eta kritikak daukate hitza.

Euskal administrazioek gero inork irakurtzen ez dituen itzulpenak egiteko hilabete batean gastatzen duenarekin, pelikula bat egiten ahalko litzateke.

Esku bateko hatzak aski zaizkit hizkuntzarekin esperimentatzen ausartzen diren idazleak zenbatzeko. Eta horiek, ongi kostata irabazi dutelako eskubide hori.