Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Nafarroan ere bai

Gogoan ditut duela denboraldi bat telebistan agertutako irudiak. Antsoainen (Nafarroa) grabatuta zeuden, emakumeei haurdunaldia eteten dieten klinika pribatu baten parean zenbait pertsona zeuden protesta egiten, presioa eragiten. Ameriketako Estatu Batuetan hain ohikoak diren irudi horiek ekarri zizkidaten gogora, heriotza-zigorraren kontra presondegien kanpoaldean jazotzen direnak: jendea, kandelak edo kartelak eskuetan, Gobernuari pertsonak erailtzeari utz diezaion eskatzen. Antsoaingoek, ordea, ez zuten inolako arazorik Gobernuarekin (UPNren gobernuarekin), alderantziz; sendagileak eta emakumeak ziren elkartutakoen jomuga, «jaio gabearen eta bizitzaren babesa» eta bertsuak ahotan.

Sortu egin ere ez denaz bizidunez baino askoz gehiago arduratzen diren horiek kinka larrian daude Espainiako Estatuan. Orain artean, hain zuzen ere, Nafarroan izan dute, esan dezagun, feudorik sendoena: lurralde horretako osasun-sare publikoa da abortuak egiten ez dituen bakarra. Horrenbestez, haurdun nafarrek beste erkidego batera edo zentro pribatuetara jo behar dute, gainerakoek baino eragozpen gehiago jasanda (joan-etorriak eta dirua, kasu), beren «bekatuagatik» (bereiziko ahal dira inoiz bekatua eta abortua!) zigorra mereziko balute bezala: luzaroan Nafarroa gobernatu duten bizitzaren aldeko katoliko moralisten mendekutxoa emakume menderakaitzekiko. Baina Gobernua aldatu egin da, baita agintarien borondatea ere gai honi zein beste zenbaiti dagokienez, eta, azkenean, badirudi bestelakoa izango dela etorkizunean haurdunaldia etetea erabakiko duten Nafarroako emakumeen zoria. Izan ere, Uxue Barkosek zuzendutako Foru Gobernuaren asmoa gauzatuz gero, klinika publikoetan abortuak egingo dira; hau da, behingoz hasiko dira legean onartuta dagoena betetzen.

Antsoainera joandako gutxi horiek ez dira aski izango zentro publiko guztien aurrean paratzeko. Horrez gain, Nafarroan salbuespena izandako egoera hori normalizatu ahala, gero eta zaharkitu, isolatu eta bakartiago geratuko dira. Pentsa zein bakarrik izango diren, ezen beren sustatzaile naturalak ere, PPk, amore eman duen emakumeon eskubide zehatz hori urratzen segitzeko temari dagokionez. Jakina, PPk uko egin dio gaia bere hauteskunde-programan jasotzeari, ez bat-batean emakumeekiko errespetu eutsiezina sortu zaiolako, baizik eta kalkulu elektoralista hotzek halaxe agintzen diotelako. Motzean, jaio gabearen eta bizitzaren babesak jada ez duelako etekinik ematen. Zorionez.