ALAIA MARTIN, ILLUNBEKO OHOLTZARAINO ETA AGIN LABURU, ESKAILERETARAINO
ALAIA MARTIN DA GIPUZKOAKO LEHEN FINALISTA. ATZO ARRATSALDEZ ZARAUTZEN ESKURATU ZUEN ZUZENEKO TXARTELA, FINALERDIKO LEHEN POSTUA ETA 504 PUNTU LORTU ONDOREN. AGIN LABURUK 496 PUNTU BATU ZITUEN ETA ILLUNBERAKO AUKERA DEZENTE DITU, BAINA FALTA DIREN BI FINALERDIEN ZAIN EGON BEHAR.

Alaia Martinek «gaur hitzak jarri ditugu igandez jantzita» kantatu zuen hasierako agurrean. Baina asteguneko jantziz aritu zen lanean, ariketaz ariketa puntuak biltzen, eta akaso kartzelakoan agertu zen distiratsuen. Eta, segur aski, kartzelakoarekin ziurtatu zuen Illunbeko finalerako txartela. Agin Laburuk, berriz, goranzko ertzak marraztu zituen saio osoan barna, entzulea zirikatuz, harrituz eta harrapatuz. Eta kartzelakoan bide estuetan abiatu eta ez zen pauso lasaiaz ibili. Baina, hala ere, puntu dezente bildu zituen eta finalerako aukerak izango ditu seguruen.
Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian jokatu zen atzo arratsaldez Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen finalerdia. Aretoak itxura ederra hartu zuen bertso gogoz ziren 1.200 entzulerekin. Izan ere, Gipuzkoako Txapelketa oso jendetsua izaten ari da.
Alaia Martini irribarrea eta patxada igarri zitzaizkion puntuazioa entzunda, ez baitzen oso aise sumatu saioan barna, nahiz eta kartzelakoarekin erremate ona eman saioari. Hauxe zuten kartzelarako gaia: Egunero leku eta ordu berean ikusten zenuen hura gaur ez dago.
Alaiak hildako amonari abestu zion. Hauxe, hirugarrena: «Ordu hontan joaten nintzen horren puntual bisitan/ bizitzak zorionean luze jarri didan zitan/ abila zinen oraindik modan eta politikan/ telebistari hizketan egoten zinen kritikan/ zure biloba maitea ni izan nintzen txikitan/ nola orrazten ninduzun udaberriko eguzkitan/ nahiz ta orain zu etzauden bilatutako tokitan/ nirekin egongo zara une ta leku guztitan».
Agin Laburuk, gustuko duen moduan bide desberdina topatu nahian, haurraren zaintzaz arduratzen zen emakumea hartu zuen ahotan. Arriskatu eta bide irristakorrean abiatu zen kartzelakoan. Aurretik, ordea, freskotasunez eta ertzez betetako saioa zuen josia, ariketa guztietan asmatuz. Ertz horietako bat zortziko txikian Beñat Iguaranekin marraztu zuen. Gaia, parekoa: Festetarako komunak alokatzeko enpresa batean lan egiten zuen. Festak bukatuta jasotzera joandakoan, Beñat topatu zuen komunean lo.
«Ez da erraza usai horrekin bizitzen/ baina nere laguna ez da errez hiltzen/ oraindik nola zauden ez det entenditzen/ lagunduko al dizut lentilla aurkitzen», bota zion Laburuk. Eta, Iguaranek, erantzun; «Nik ondo ikusten det behar dan neurrira/ baino usaitu gaizki nolako mobida/ nere plana earra da Agin begira/ festara eaman nazu hurrengo herrira». Beñat Iguaranek gauza ederrak utzi zituen oholtzan eta amaieran aitortu zuenez, «zenbat audio, waxap eta dei, mobilak kasi eztanda/ hau ona da baina atzeko dena politagoa izan da».
Hirugarren tokia Ander Lizarralde oiartzuarrarentzat izan zen. Estilo oso propioz jardun zuen, fresko ideietan eta joskera ederrekin. Jon Martinek ere sinadura propioko saioa josi zuen, baina gehiago eman dezakeela agerian utziz. Eta Unai Gaztelumendi, puntutan atzean egonagatik, oso erregular eta txukun aritu zen eta perla politak utzi zituen, bereziki seiko motzean Agin Labururekin batera egindako saioan.
Sailkapena
1. Alaia Martin: 504 puntu
2. Agin Laburu: 496 puntu
3. Ander Lizarralde: 455,5 puntu
4. Jon Martin: 451 puntu
5. Beñat Iguaran: 445 puntu
6. Unai Gaztelumendi: 441 puntu
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
