Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Modiano, Blanco-Amor eta Ernaux euskaraz, Igelaren eskutik

Patrick Modiano, Eduardo Blanco-Amor eta Annie Ernaux idazleen obra bana ekarri du euskarara Igela argitaletxeak. Lehenak Dora Bruner-en bilaketa lana aurkezten du, bigarrenak epaile aurreko testigantzak ditu oinarri eta, hirugarrenak, gizarte frantziarra.

Igela argitaletxeak euskarara ekarri du Patrick Modiano, Eduardo Blanco-Amor eta Annie Ernaux idazleen liburu bana. Monika Etxeberria izan da Modianoren “Dora Bruner”, egilearen lanik adierazgarrienetakoa, itzuli duena. 2014an Nobel saria jaso duen frantziarrak 1940. urteko egunkari batean ikusitako iragarki batetik abiatu zuen eleberria. Iragarki hartan, Parisen desagertutako hamasei urteko neska gazte baten deskribapena ematen zen eta, Igelako editore Xabier Olarraren hitzetan, Modianori gaiarekiko «obsesioa» sortu zitzaion: «Neska hura zergatik desagertu zen eta zer gertatu zitzaion jakin nahi zuen eta hainbat ikerketaren bidez jakin ahal izan zuen neska hura judua zela, 15 urterekin etxetik ihes egin zuela eta, atxilotu ostean, Auschwitz-era eraman zutela. Bertan hil zen».

Modianok urteak eman zituen Dora Bruderren inguruan ikertzen, artxiboetan erreferentziak bilatzen, haren garaikideei galdetzen eta bizileku izan zituenak bisitatzen. Hala hasi zen nobela dokumentala osatzen: «Ahaztutakoa oroimenera ekartzeko nahiaz idatzi zuen beti. Hogeita hamar nobela baditu, denetan teknika bera erabiltzen du», zehaztu zuen Olarrak.

Ramon Etxezarretak euskaratu du Eduardo Blanco-Amor idazle galegoaren “Parranda” eleberria. Galizian jaio bazen ere, 1919an Buenos Airesera joan eta bertako intelektualekin egin zuen topo. Bertan zenbait liburu argitaratu zituen eta, 36ko gerra aurretik sorterrira itzuli bazen ere, Francoren diktadura garaia Argentinan eman zuen. Etxezarretak euskarara ekarri duen eleberriak parrandan aritu ostean epailearen aurrean deklaratu behar duen gizonaren testigantza du ardatz. «Galizia estatuko herririk analfabetatuena zen eta horrek administrazioarekiko sumisioa dakar», esan zuen Etxezarretak, eta gaineratu zuen lana itzultzeko orduan deigarri egin zaiola Blanco-Amorrek tortura eta tratu txarrekiko erakusten duen sentikortasuna: «Tortura kasuekiko sentsibilitatea erakusteaz gainera, nola arrazoitzen duen epailearen aurrean, pertsonaiak barruak ireki eta nola ‘ez nazazu haiengana eraman’ esaten dion. Orain tratu txarrak salatzea politikoki zuzena da, baina Estatu espainolean frankismo betean zeudenean publikatuta dagoen nobela batean, meritu handia du», argudiatu zuen Etxezarretak. Gainerakoan, kontakizunean «markako ardo gutxi eta aguardiente asko» eta «modu guztietako kalitate humanoa, samurtasunezko eszenak eta gertaera biolentoak» daudela azaldu zuen. Etxezarretaren hitzetan, eleberri honek erakusten du «nola gizakia kuadrillan batzen denean arriskutsu bilaka daitekeen, batez ere jarrera maskulino tontoak daudenean».

Hipermerkatuan

Annie Ernaux-en “Begira zenbat argi, maitea” itzultzeko ardura Xabier Aranbururena izan da baina, prentsaurrekoan egoterik izan ez zuenez, Igelako Joseba Urteaga izan zen liburuaren gakoak azaldu zituena.

Hasieran fikzioa argitaratzen hasi bazen ere, errealismoaren bila joan eta narrazio autobiografikoak idazteari ekin zion Ernauxek, eta frantsesez 2014an argitaratu zen honetan ere bide hori hartu du. Zehazki, Estatu frantsesean ezaguna den “Ikusezinen parlamentua” egitasmorako osatu zuen eleberri hau: plataforma honek bizitza bere dimentsio eta forma guztietan agertzea du helburu eta liburu sail bat dute, non egile ezberdinek bide horretan lan egiten duten. Ernauxek hipermerkatu bat hautatu eta bertan urtebete eman zuen, bezero eta langileekin harremanetan, eta han bizitakoak biltzen ditu eleberrian, egunkari formatuan. Ernauxek ondorioztatu zuen hipermerkatuak jendearen bilgune direla, sozializatzeko guneak. «Hipermerkatu batean sekula egon ez direnek ez dute Frantziako errealitate soziala ezagutzen», adierazi zuen Ernauxek esperientziaren ostean.