J.L.
Giza-proba

Santi Zubizarreta bizkaitarrak jantzi du Euskal Herriko txapela

Santi Zubizarretak eskuratu zuen herenegun Nabarnizen Euskal Herriko giza-probako txapela. Kirol honek indar handia hartu du taldekakoan, baina garbi dago buruz burukoan aspaldian kateatuta dagoela.

Lau partaide baino ez ziren jardun, eta jendeak ere ez zuen erantzun handirik eman. Hala, saio nahiko hotza gertatu zen. Bakoitzak 750 kiloko harria erabili behar izan zuen, eta hogei minutuan ahalik eta metrorik gehien egitea zen helburua.

Zubizarreta izan zen gailendu zen kirolaria. Guztira, 3 plaza, 1/4 eta 0,49 metro egin zituen, eta horrekin nahikoa izan zuen aurtengo txapela lortzeko.

Atzetik nahiko gertu izan zuen Oskar Perez, honek ere nahiko marka ona egin bait-zuen.  Guztira, 2 plaza eta 2,97 metro egin zituen. Saiatu arren, ezin izan zuen Zubizarretaren marka ondu, eta bigarren postu horrekin konformatu behar izan zuen.

Hirugarren posturako lehia handia izan zen, baina amaieran metro gutxi batzuengatik izan arren, Eneko Bilbao izan zen hirugarren, 2 plaza, 3/4 eta 5,57 metro eginda.

Azkena Juan Carlos Lopez sailkatu zen. Bera zen Bizkaikoa ez zen kirolari bakarra, eta arabarrak, 2 plaza, 3/4 eta 2,41 metro egin zituen. Lopez Euskal Herriko txapelduna izandakoa da, eta berarengan itxaropen dezente zeuden, baina azkenean sailkapeneko azkena izan zen. Garbi dago kirol hau bultzatzeko zerbait egin behar dela, duen indar apurra Bizkaian bakarrik baitu. Bestela, laster jokatu ezinik gera liteke.