Donostiako Metroaz informatzeko txostenak banatu dituzte buzoietan
Satorralaia Donostiako bizilagun eta elkarteen batzarrak Metroaren kontrako manifestazioa deitu du abenduaren 12rako. Horrez gain, etxez etxe txosten informatiboak banatu dituzte herritarren artean hiri ereduari eta garraio publikoari buruzko eztabaida pizteko.

“Donostiako Metroaren Berriak” izenburuko informazio txostenak banatu zituzten joan den asteburuan 139 lagun inguruk. 85.000 etxebizitzatako buzoietan utzi zituzten Donostiako Metroaren nondik norakoen berri emateko eta «etxebizitza guztietara egitasmo honekiko ikuspegi kritikoa helarazteko».
Satorralaia Donostiako bizilagun eta elkarteen batzarrak abiarazitako ekimena da hori. Horren ustez, Metroaren bultzatzaileek «albiste propogandistikoetan» proiektuari buruzko informazioa ezkutatu ohi dute eta, horregatik, herritarrei egitasmoa ezbaian jartzen duten hainbat galdera eta arrazoi jarri nahi izan dizkiete eskura informazio orri horien bidez.
Hala, Lakuako Gobernuak, Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak «agertzen duten itxikeria» salatu dute beste behin, «ilunkeria eta sekretismo kezkagarriarekin aurrera segitzen baitute» eta jarrera horrekin «hiritarren iritziak eta proposamenak mespretxatzen» dituztela uste du Satorralaiak.
Metroaren aurka agertzeko dituzten arrazoiak askotarikoak dira. Hasteko, uste dute hiriaren tamaina kontuan hartuta ez dela beharrezkoa. Bestalde, Metroak Dbus autobus zerbitzuari eragingo lioke, hainbat linearen galera ekarriz. Era berean, uste dute zorupeko obrek eraikinetan arriskuak sortuko lituzketela. «Baliabide publikoen xahuketa» ere kritikatzen dute, mantentze-lanek eta eraikitzeak berak kostu handia lukeelako. Amaitzeko, egun dauden garraio publikoak aprobetxatuz alternatiba «logikoagoak» badaudela uste dute.
Bizilagunen artean eztabaida zabaltzeko asmoz mobilizazioa deitu dute abenduaren 12rako. Ahalik eta herritar gehien biltzea dute helburu. Easo plazatik abiatuko da manifestazioa, 12.00etan, “Beharrezkoa ez delako, Metroari ez!” lemapean.

Buscan testigos que pudieron ver a «Basajaun» con vida en Bilbo

Krisiaren ondorioz lur jota, «pagozelaia» astindu nahi dute

El negacionismo de la Berlinale acaba en fuego cruzado: dejemos que arda

Denuncian la «desproporcionalidad» de la actuación sobre los aficionados
