GARA
BILBO

Gazteen prekaritateari aurre egiteko neurriak azaldu dituzte LAB eta Ernaik

Luis de Guindos Estatu espainoleko Ekonomia ministroa «hazkundeaz» mintzatu zen atzo, Bilbon. Horren karietara, LABek eta Ernaik elkarretaratzea egin zuten Euskalduna jauregiaren aurrean, gazteen prekaritateari aurre egiteko elkarrekin adosturiko aldarrikapen taularen berri emateko.

«Aberastasunak gora egingo duela esanez amaituko dute bilera-antzerkia», salatu dute manifestariek, baina «gu guztion prekaritatea areagotuz handituko dituzte beren mozkinak», adierazi dute.

Gehienbat gazteen egoeraz mintzatu dira LAB eta Ernai, horien «egoera bereziki larria» dela nabarmenduta eta aldi baterako kontratuak, langabezia, enplegua lortzeko «emigrazio behartua» eta lan praktiketako «baldintza eskasak» horren adierazgarri direla gaineratuz. «Gehienetan kontraturik gabe, segurtasun neurririk gabe eta soldata miserableekin aritzen dira».

Horri buelta emateko, «esplotaziorik gabeko Euskal Herria lortzeko borroka» eta «gazteen eskubideak defendatzeko tresna» izango den taularen berri eman dute. «Enplegu duina» lortzea da horko puntuetako bat: 35 orduko lanaldia, lanbide arteko gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea eta langabezia egoerak irauten duen bitartean langabezia subsidioa bermatzea.

Praktikaldiak benetan ikasteko izan daitezen, lan bila emigratu beharrik ez izateko, aukera berdintasuna bermatzeko eta euskara lan hizkuntza izateko neurriak ere aipatzen dituzte.

Bestalde, zenbait gairen artean, Luis de Guindosek euskal Kontzertu Ekonomikoa aipatu zuen bere hitzaldian, eta «EAE eta Espainiarentzat onuragarria» dela esan zuen.