Idoia ERASO
URRUÑA
Elkarrizketa
FRANTXOA MAITIA
AKITANIAKO PRESIDENTEORDEA ETA EEP-KO PRESIDENTEA

«Errespetu gehiago merezi nuen sentimenduarekin joanen naiz»

1978an hasi zuen ibilbide politikoa diputatugai aurkeztuz; 1983an Izpurako auzapez hautatu zuten; 1994an, Akitaniako kontseilari; eta 2004an, departamendukoa. Akitaniako presidenteordea da, eta horren bitartez hainbat kargu hartu ditu.

Ipar Euskal Herriko politikan erreferente den Frantxoa Maitiaren ibilbide politikoa abenduaren 13an bukatuko da, erregio hauteskundeen bigarren itzuliarekin. Igandean hasiko diren hauteskundeetarako zerrendan ez sartzea erabaki dute bere alderdikide sozialistek. Ibilbide politikoaren gaineko eta kudeatu dituen erakunde eta egoerei buruzko gogoeta egin du.

Departamenduko hauteskundeetan hautagaitza hautuz utzi zenuen, eta orain behartuta utzi duzula salatu duzu.

Ibilbide politiko luzea ukan dut, militante gisa sartu nintzen Alderdi Sozialistan 1974an. 1983an Izpurako auzapez hautatu ninduten, eta lau aldiz izendatua izan naiz 2004a arte. 1994an ailegatu nintzen Bordeleko kontseilura. 2004an kontseilari nagusi hautatu ninduten, eta 11 urtez segitu dut urte honetara arte.

Aurten ez nintzen presentatu militanteak sentsible baitziren karguen metatzearekin; departamentuko eta Akitaniako kontseilari izatea sobera zela, eta, beraz, utzi nuen departamendukoa, nire xedea baitzen eskualdeko, erregioko, kontseilari izatea. Gero, barne eztabaidak izan dira lurraldeko zerrendari buruz; ez naiz xehetasunetan sartuko, baina sostengu eskasez, Alain Rousset eta Bernart Uthurryrengandik, ez naiz hautagai. Sozialistek hautatu dute ihardukitzaileak aurkeztea, Gobernuari begira biziki hotz dira.

Alain Roussetek, Akitaniako presidenteak, elkarrekin hartutako erabakia zela esan zuen.

Ez da horrela, nihaurrek nire burua aurkeztua nuen, lehendakariorde izana hamaika urtez. Oraindik gaztea naiz, 63 urte ditut; errana nuen hondar agintaldi bat egin nahi nuela. Usaian gure alderdiko zerrendak ekilibratuak dira, partikularki sentsibilitateei begira. Gehiengoan ziren hautagai kasik guztiak baztertuak izan dira, ihardukitzaileen alde. Horregatik eta sostengu eskasagatik ez naiz hautatua izan.

Politikan segitzea pentsatzen duzu?

Ageriko, nola eneatuko naizen, edo ez, erretiroan.

Nola ikusten dituzu hauteskundeak?

Zerrendari buruz hitz bat errateko, hor diren hautagaiak ez dira ezagunak, ez dut uste gure departamenduko zerrenda horretan badenik aski ezagunik. Beraz, beldur naiz ez dutela behar genukeena bilduko. Orain ematen dute inkestek biziki gauza tinkoak agertuko direla.

Hauteskundeen ondoren egitura aldaketa izanen da, makroerregioa osatuko da Akitania, Poitou-Charentes eta Limousinen artean. Nola doa eraketa prozesua?

Bada kasik urte bat prestaketetan ari garela. Egia da lurralde handia agertuko dela, baina uste dut hurbiltasuna atxikiko dutela kontseilariek, eta lotura azkarrak erakunde berri horretan.

Uste duzu sei milioi biztanlerentzako erakunde berri horretan hurbiltasuna atxikitzea posible dela?

Bai. Egituratze berri bat izanen da. Horrek epe luzea hartuko du, baina inportanteena da zer politika behar den kudeatu. Horretan Rousset eta orain Poitou-Charentes eta Limousineko lehendakariak hor izanen dira borondate azkarrarekin eraikitze moldean ezartzeko.

Makroerregio berri horren baitan Ipar Euskal Herriak indarra izan dezan elkargo propio bat izatea garrantzitsua dela dio Baterak.

Bai, nik ere sustatzen dut mugimendu hori. Behar dugu aski azkar izan; beraz, egitura hori pusatu behar da aurrera. Horrela izanen da egitura handi horretan bigarren elkargoa Bordeleren gibeletik, eta boz azkarra ukanen dugu erregio handi horretan. Arrazoi dugu Euskal Herrian elkarretaratzea herri guztiak eta indar bateratu bat aurkeztea besteei begira.

Estatuak Ipar Euskal Herria elkargoa proposatu aitzin Lurralde Kolektibitatearen aldeko mugimenduak gehiengoa bildu zuen, baina elkargoak eskumen gutxiago ditu. 2017tik goiti Akitaniatik eta departamendutik eskumen gehiago eskura daitezkeela uste duzu?

Gobernuak ez du nahi Lurralde Kolektibitate bat estatus berezi batekin Iparraldean, baina segidan proposatu zuen elkargo bat.

Eskumenak anitz izanen ditu horrelako elkargo batek, eta frogatu beharko du egitura baliagarria dela. Horrela agertzen bada seguruenik konpetentzia gehiago hartzen ahalko ditu. Euskarari buruz, eta horretaz pozten naiz, izanen da egitura bateratua, politika sustatuko duena, zerbitzu azkarra sortuko duena.

Euskararen Erakunde Publikoko presidente gisara, nola baloratzen duzu egindako lana?

Bi ardatz nagusi ditu gure hizkuntz politikak, transmisioa eta erabilera. Transmisioarena abiatu zen 2006an eta urtero irekitzen dira leku berriak. Orain 10.000 haurrez goiti ari dira euskara ikasten, urtero kasik 500 haur gehiago hurbiltzen dira parekotasunezko sistema publiko edo katolikora, edo Seaskaren murgiltze sistemara. Baina bada lana egiteko.

Bigarren ardatzari buruz nire burua aurkeztu nuen hastapenetik, partikularki tokiko instituzioetan. Lehenik administrazio publikoak, baina enpresa pribatuarekin ere bai. Egun profesional euskaldunak deituak dira. Zailtasun handia badugu, lehenik irakaskuntzan. Euskaldunei erran nahi diet ‘interesatu zaitezte irakasle munduaz, euskarak zuen beharra badu’.

Aipatzen da Frantziak beharko lukeela Europako Ituna berretsi; printzipioz ados naiz, baina ez naiz segur horrek askoz gehiago ekar liezaiokeenik euskarari; jadanik Frantziak hartu zituen engaiamenduei begira urrunago joanak gara, eta bistan da hein hori behar da aurreratu.

Estatuko beste eskualdeetan baliagarria litzateke, baina Ipar Euskal Herrian ez, besteak baino garatuago dagoelako?

Bai, biziki abantzatuagoak gara. Ez dut erran nahi beste lurraldeak gutaz jelos direla, baina poxi bat bai.

Nafarroa laster izanen da Akitania-Euskadi euroeskualdean. Zer aukera ekarriko ditu?

Lehenik behar dugu kausitu sarrera, gauzak ongi formalizatu. Bigarrenik proiektu estrategikoa onartua genuen Akitania eta Euskadiren artean, eta irakurketa beharko du Nafarroak egin, eta horretan kokatu bere ikusmoldeak. Hirugarrenik, POCTEFA-ri begira sortu proiektuak lehenetsi beharko dira, lan politikoa.

Zer lortu du Akitania-Euskadik sortu zenetik?

Proiektua landu dugu, eta egituratu. Mugaz bi aldeetako harremanak poliki-poliki sakontzen segitzen dugu eta laguntza teknikoa ematen. Nire ustez, inoiz ez dira hain azkarrak izan gure instituzioen arteko harremanak.

Akitania eta Euskal Autonomia Erkidegoa sozialisten eskuetan zeudenean sortu zen euroeskualdea. Ideologikoki arazorik izan al da gero EAJrekin?

Zer xerkatzen dugu, mugaz bi aldeetako jendeek elkar ezagut dezaten, elkarrekin lan egin dezaten. Kooperazio mundu hori berezia da, ez dira gauzak aiseak, baina Europa dugu helburu. Eta Europari buruz behar dugu hemen muga desagerrarazi.

Eta Euskal Herria?

Euskal Herriak duen desira hori, elkarbizitza azkarra da, gero Euskal Herriak ukan dezan estatu bat; independentzia beste gauza bat da. Zinez beste gauza da. Hasteko nire arrapostua da, kooperazio horiek segi dezaten, azkarrago eta beste egitura batzuk ere sor ditzagun, eta espazio hau egituratua atera dadin.

Nola ikusten duzu bake prozesuaren etorkizuna?

Ez dut gauza handirik errateko, orain arte erran ditudanak baizik: behar dela ateraldi elkarrizketatu bat. Ez da iniziatiba handirik agertzen oraingo egunetan, eta partikularki Frantziak bizi duen egoerarekin ez dut ikusten ondoko asteetan gai hori etortzea mahai gainera.

Duela hamar bat urte parte hartu zenuen bakearen alde izan ziren elkarrizketetan?

Historialariek erranen dute momentu handia zenez. Momentu horretan Jesus Egiguren eta Arnaldo Otegiren artean izan ziren hainbat solasaldiak eta horien buru izan zen ETAk prozesu horretan sartzea erabaki zuen. Egigurenek bere liburuan aurkeztu zuen bezala momentutxo bat ukan nuen gauzen aisatzeko. Gauza batzuk pasatu dira Frantzian, eta han nintzen ni.

Uste dut garrantzi handia ukan zuela garai horretan gero Egigurenek segituan ukan zituela anitz solasaldi eta horien buru ETAk borroka armatua arrastatu zuen, edo bederen sartu zen prozesu horretan. Beti pentsatu dut aterabide elkarrizketatu bat behar dela, eta orain ere dialogo horri nonbaitetik gobernuek beharko lukete bukaera bat eman, eta elkarrizketatuz gauza bat egin.

Erranen dut, Arnaldo Otegik garrantzi handia ukan du, eta ez dut ulertzen oraindik atxikia izatea presondegian. Ez dut onargarria atzematen.

Espainiar Gobernuak daraman politika egokia iruditzen ez bazaizu, zer duzu esateko Gobernu frantsesak daramanaz?

Frantziak beti egonmolde bera du. Dio afera hori lehenbizikorik Espainiak tratatu behar duela, eta haren afera dela. Frantses Gobernuaren postura da, solidario agertzea demokrazia batekin. Horri buruz Europako estatu guztiekin. Espainiak behar du seinalea eman, eta Espainiak galdegiten duenari Frantziak oihartzun ematen dio, solidaritatez.

Zure ibilbideari begiratuta, zeintzuk dira alde onak eta zertaz zara damu?

Ontzat biziki baliagarria ukan dut hautetsi gisa. Nire bizian kanpaina anitz egin ditut, hogei. Irabazi ditut hamar eta galdu hamar; ororen buru ez da gaizki. Satisfazio anitz ukan ditut, lan egiteko momentuan segitua izanik, eta politika azkarrak kudeaturik. Hautetsi bizi eder bat ukan dut.

Damu, erranen nuke, horrela bukatzea. Ororen buru ustekabean gertatu baitzait, hondar hauteskunde hauei buruz. Izan dira erlazioetan gauza ez errespetutsuak, Alderdi Sozialistan zerrenda egiteko momentuan. Horrekin joanen naiz, errespetu gehiago merezi nuela.

Zer gelditu zaizu egiteke?

Beti bada zerbait. Euskarari buruz bada anitz lan mahai gainean. Denak segituko nituen plazer handiarekin. Berritua izanen da EEP 2016ko abenduan, zer lotura izanen duen elkargo bateratu horrekin...

Kudeatzen ditudan beste gaien artean aipatuko dut lehendakaria nintzen Pirinioetako Mendigune Batzordea. Nahikaria banuen Pirinioetako elkargo bat osatzea EEPko egitura etsenplu hartuz, non erakunde ezberdinak badiren.

Bistan da plazer ukanen nuela, segitu banu, ikustea Nafarroa Akitania Euskadi eskualde horretan sartzen. Plazerez ikusiko nuke lehenbiziko bilkura gu hiruron arteaneta.

Badira anitz dosier beren bidea segituko dutenak; plazer izanen litzateke hor banintz finitzeko, baina bertze norbait izanen da.