GARA
BILBO

Tecnaliak 100 milioi bideratuko ditu teknologia eta proiektu berrietara

Ikerketa zentroak 2020ra arteko eperako onartu duen Plan Estrategikoaren helburuak zehaztu ditu. Besteak beste, EAEko enpresekin duen jarduera %50 handitzea lortu nahi du, bereziki energia, garraio, fabrikazio automatizatu eta osasun sektoreetan.

Tecnaliak 2020ra bitartean gidatuko duen Plan Estrategikoari buruz mintzatu zen atzo, Bilbon, Iñaki San Sebastian. Datorren martxoan ikerketa zentroko zuzendari nagusiaren kargua hartuko duenak espezializazio teknologikoaren aldeko apustua egin zuen bere hitzaldian, «enpresei lehiakortasuna hobetzen laguntzeko» helburuarekin.

Krisialdi garaian lehiakortasunaren «eragile nagusia» berrikuntza dela adierazi zuen San Sebastianek, eta orain, «adierazle ekonomikoak hobetuz» doazela ikusita, Tecnaliak aurreikusten du 2020ra arte 100 milioi euro bideratzea teknologia eta proiektu berrietara, Horizon 2020rekin bat etorriz.

Programa europar horren helburuetako bat da 2020rako Europar Batasuneko estatuek euren barne produktu gordinaren (BPG) %3 I+G+B sektorean inbertitzea lortzea. Gauzak hala, ikerketa zentroak nahi du 200 enpresak baino gehiagok parte hartzea programa horretan onartutako proiektuetan. Bestalde, EAEko enpresekin duen jarduera %50 handitzea ere lortu nahi du Tecnaliak, bereziki energia, garraio, fabrikazio automatizatu eta osasun sektoreetan. Fakturazioa ere %30 handitu nahi du 2020ra arteko epean, 130 milioi eurora iritsiz. Horietatik, EAEko enpresekiko proiektuetan urtean 40 milioiko salmentak egitea aurreikusten du.

Bost urtetan zifra horiek EAEko BPGan izango duten eragina 1.000 milioitik gorakoa izango da, Tecnaliaren esanetan.