Zortzikote anitza, final ireki batean bertsozalea asetzeko ilusioz
Illunbe zezen plazan barneratuz, heldu den abenduaren 19an izanen den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala irudikatzen hasi dira zortzi finalistak: Unai Agirre, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Jon Maia, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Oihana Iguaran eta Arkaitz Oiartzabal «Xamoa». Saio irekia eta maila handikoa aurreikusten da.

Gogoz, dakitena egiten saiatzeko asmoz eta denen artean finala den plaza bakar eta berezi honetan bertsozaleak gozarazteko ilusioz agertu ziren finalistak atzo Illunbera egindako bisitan. Batzuek ezagutzen zuten agertokia. Baten batek aipatzen zuen txikiago oroitzen zuela. Bada lehenbizikoz sartu denik ere. Handitasunaren sentsazioa ematen du, baina era berean goxoa eta bildua ere bada.
Unai Agirre, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Jon Maia, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Oihana Iguaran eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa; zortzikote anitza, emakume eta gizonak, adin eta estilo desberdinetakoak, saio eder bat osatzeko mailakoak denak. Txapelketak erdigunean jarri ditu bertsoa eta bertsolaritza joan den maiatzean abiatu zuen ibilbide luze, polit eta aberasgarrian. Orain errematea dator: finala.
Argazki saioa egin bitartean Donostiako zezen plazan barna buelta bat ez baizik eta hainbat eman ondotik, prentsaurrekoan bildu ziren finalistak eta banan-banan euren sentipenak azaldu zituzten. Oraindik astebete pasatxoren faltan, lasai sumatzen zitzaien, elkarrekin lagun taldea osatuz, txantxak eginez eta emozioak eta ideiak konpartituz. Aurkezpen egunean ohi duten bezala, batera bazkaldu zuten gero.
Erreferentzia euskaldunentzat
Donostiako ordezkari bakarrak, Beñat Gaztelumendi añorgarrak, hiriburuan euskarazko jarduerak ikusgarri egiteko arazo pila bat daudela eta euskaraz bizi den jendearentzat finala bertan egitea erreferentzia dela nabarmendu zuen. Kontzientzia horretatik kantatuko du. Pertsonalki, «plazaren handitasunean barrura begira jarri» nahiko luke, «bertsoak irabaz diezaiola inguruari».
Alaia Martinek bere buruarekin «sintonian» eta «libre» abestea desio du. «Talde polita osatzen dugu, koloretsua, eta horrekin pozez eta ilusioz nago», esan zuen. «Nahiko nuke gorputz osoarekin kantatzea».
Iñaki Apalategik erran zuen «gorabehera batzuk» izan dituela saioetan eta, teknikoki hagitz ongi ibiltzeaz gain, jendearengana ailegatzea duela erronka.
Arkaitz Oiartzabal Xamoa eta Oihana Iguaran dira finalista berriak. Xamoak azaldu zuen ariketaka, saioka gusturago eta disgusturago ibili dela eta oraindik aseko duen «saio oso» hori falta zaiola. Finaleko bere helburua taldean dagokiona betetzea izanen da.
Iguaran ere saioz saio joan da aurrera eta ilusio handiz iritsi da azken etapara. Zer kontatua badu eta bere «ahotsa eta kolorea» eman nahi dizkio Illunberi.
Agin Laburuk, aldiz, «instintuz» kantatuko du. «Ez dut miraririk espero, baina ondo kantatzea eta gustura geratzea bai». Unai Agirre ere dakiena egitera doa. Finalak ez dira errazak izaten eta bilduko den jende guztiari merezitako saioa eskaintzea du xede.
Jon Maia ez da berria finalean, baina ibilbide osoa beteta ailegatu da, maiatzean hasi eta etapa edo etsamina bakoitza gaindituta. «Sentsazioa izaten duzu ez dakizula inoiz bueltatuko zaren final batera eta horregatik beste dimentsio bat hartzen du. Bakarra, errepikaezina da», agertu zuen.
Iñaxi Etxabe bertsolariak jantziko dio txapela irabazleari
Maiatzean abiatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa; urrun eman dezake, baina Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale elkarteko lehendakariak oroitu zuenez, hari berak lotzen ditu udaberria eta udazkena, bidea hasi zuten 86 kideak eta azkeneko etapara ailegatu diren zortziak. Euretako bati jantziko dio txapela abenduaren 19an Iñaxi Etxabek, emakumezko bertsolarien belaunaldi oso baten ordezkari. Etxabe 1933an jaio zen Oikian, Zumaian, eta etxetik jaso zuen bertsotarako zaletasuna. 50eko hamarkadan sariketa batzuk irabazi arren, plazetan ezin ibili, ordea, orduan gizonen eremua baitzen. Urte aunitz pasatu behar izan ziren kantatzeko aukera izateko.
Pixkanaka aldatzen joan dira gauzak eta finalean bi emakumek eta sei gizonezkok abestuko dute. Edurne Soraluze elkarteko koordinatzaileak jakinarazi zuenez, bertsolariez gain, bi aurkezle igoko dira oholtzara, eta hurbil izanen dira sei epaile eta hiru idazkari. Aitzinean, plaza handi eta, aldi berean, bilduan, milaka bertsozale. 17.00etan hasiko da saioa eta 15.30ean irekiko dituzte Illunbeko ateak. Sarrerak salgai daude oraindik Bertsosarrerak.eus helbidean. Mugikortasun arazoak dituztenei dei egin diete eurekin harremanetan jartzeko, plazan laguntzeko. M. I.

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi
