GARA
BILBO

Selekziorik ez izatearen ardura PPri eta PSOEri egotzi die EAJk

Ohi bezala, hauteskunde kanpainan euskal kirol selekzioen auzia lehen planoan jarri du EAJk berriro. Atzo Bilbon eginiko agerraldian, elastiko berdea soinean, alderdiko kideek eta hainbat kirolarik PP eta PSOE egin zituzten egungo egoeraren errudun, Euskal Herria kirol munduan modu ofizialean ordezkatuta izan dadin «borondate politikoa» baino ez dela behar nabarmenduz. Legediak aukera hori ahalbidetzen duela baina beti oztopoak nagusitzen direla salatu zuten. Hainbat adibide jarri zituen Aitor Esteban Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak. Kayak surf modalitateko selekzioak «emaitza bikainak lortu ditu», esan zuen, bai eta Pencak Silat borroka arteko selekzioak ere. Eskerrak eman zizkien horregatik, «eta jakina, baita sokatirako selekziokoei ere, ‘Basque Country’ izenpean ikurrina gainontzeko banderen mailan jarri baitute».

Estatu espainolean nagusi den borondate politiko ezaren adierazle nagusitzat errugbia jo zuen Estebanek. Izan ere, jokatu berri den Munduko Txapelketan Eskozia eta Gales normaltasun osoz lehiatu dira «eta ez da ezer gertatu». Areago, Irlandako errugbi selekzioan iparraldeko zein hegoaldeko jokalariak daudela ekarri zuen gogora. «Ulsterren, horrenbeste tentsio egon diren lekuan, denak irlandarrak direla eta denek joka dezaketela selekzioan onartu dute; hemen ere egin beharko litzateke, hau da, Iparraldeko eta Hegoaldeko jokalariak selekzio nazional bakarrean bildu», aldarrikatu zuen Estebanek. «Arazoak izan badira Irlandan, ereserkiarekin kasu, Irlandako Errepublikako himnoa IRAren antzinako ereserkia baita. Bada, egin dutena selekzioak etxetik kanpo jokatzen duenerako himno berezia aukeratzea izan da; hala, kanpoan jokatzean ereserki hori entzuten da, eta, Dublinen, biak. Sentsibilitatez jokatu dute, baina denek dakite herri bat direla, eta batez ere Britainia Handiak izan du hori horrela adieraztea baimentzeko sen ona», azaldu zuen.

Pilota jokoa ere aipatu zuen Estebanek, «euskal» abizena duen kirol batean euskal selekziorik ez izatea «ulertezina» zaio-eta. Beste hainbat diziplina aipatu ostean, ondorio hau atera zuen: «Legez bideragarria bada, gizarte mailako aldarrikapena badago, inguru hurbilean egingarria dela ikusi bada, gure izena daramaten kirolak badaude… zein da arrazoia Euskadiko selekzioak aitortzen ez uzteko? Erraza da erantzuna: ez dute politikoki nahi», adierazi zuen.

EAJk aldarrikapena Madrilen bultzatu nahi duela ere ziurtatu zuen Estebanek amaitzeko: «Eta aurrera aterako dugu, denon artean. Kirolariek aldarriari eutsiz, politikariek behar den tokian eskatuz eta etorkizunean agertuko zaizkigun aukerak baliatuz, eta, jakina, gizarte osoak, selekzioarena une oro egingo den aldarrikapena bilakatuz».