GARA
DONOSTIA

Egungo erronkak aztergai, Jakiundek eta Donostia 2016k

Erronkak proiektua Donostia 2016k eta Jakiunde Akademiak diseinatu dute. Bere baitan, hitzaldi eta eztabaida zenbait antolatu dira XXI. mendeko gizarteak dituen erronka handiez mintzatzeko.

Donostia 2016k eta Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiak elkarlanean, Erronkak proiektua ondu dute. Egitasmo horren harira, zenbait hitzaldi eta eztabaida antolatuko dituzte, XXI. mendeko gizarteek dituzten erronka handien inguruan mintzatzeko. Hala, aurrera begiratu eta mahai gainean jarriko da auzi nagusi bat: nola aurre egin belaunaldi berriei egokituko zaizkien erronkei, etorkizuneko gizarteen ongizatea eta bilakaera baldintzatuko baitituzte.

XXI. mendearen lehen zatian, aldaketa sozial, ekonomiko eta kultural handiak izan dira. Aldaketa horiek guztiek eragin nabarmena izan dute munduko gizarte gehienetan, eta gizarteok berehalako erantzuna eman behar izan diete etorri diren erronka berriei.

Abiapuntua mundu osoko egoera horretan jarrita, Jakiundeko kideek programa zabala osatu dute: hitzaldiak eta beste zenbait jarduera antolatu dituzte 2016ko otsailetik abendura bitartean. Ekitaldi gehientsuenak San Telmo Museoan izango dira. Museoa proiektu horretan eragile parte-hartzailea izan da. Horrez gain, lurraldeko beste toki batzuetara ere iritsiko da ekimena, Pasai Donibanera, Legazpira eta Bilbora, esaterako.

Ekitaldi horietan egungo gizarteak aurrera egin dezan garrantzizkoak diren hainbat kontu jorratuko dira: gizarte antolamendua bera, osasuna, ekonomia, lehiakortasuna, lurralde antolamendua, kultura, zientziak, arteak...

Lehenengoa otsailaren 2an abiatuko den zikloa izango da, “Garunaren zahartzea” izenburupean. Ondoren egingo dira “Indarkeria gazteen artean” (otsailak 12); “Zein dira XXI. mendeko ekonomia, gizarte eta ingurumen erronkak?” (martxoak 11); “Musika-irakaskuntzaren erronkak” (apirilak 25); “Material berrien iraultza” (maiatzak 4); “Sorkuntza-tailerrak” (maiatzak 24): “Sehaskatik zahar-egoitzara” (ekainak 10); “Lurralde-antolamendua eta globalizazioa” (irailak 16); “Gizartearen legeak eta naturaren legeak parez pare” (urriak 8); eta “Gizartearen kohesioa indartzea” (urriak 26).