Maider IANTZI
DONOSTIA

Biziz betetako Igartubeiti bat Donostian

Mendeetan sagardoaren hiriburu izandako Donostian –Parte Zaharrean ehun sagardotegi baino gehiago izan ziren– garai bateko baserri-sagardotegi bat altxatuko dute Gabonetan. Olentzeroren bisitaren ondotik, II. Sagardo Apurua hasiko da, iragana eta oraina lotuko dituzten ekintza pila batekin.

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak bidaide ugarirekin batera –babesle nagusiak Lakuako Gobernua, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala dira– antolatutako ekimena da bigarren Sagardo Apurua. Duela bi urte egin zuten lehen edizioa eta, Arantza Eguzkiza elkarteko presidenteak adierazi zuenez, oraingoan bultzada handiagoa eman nahi izan diote. Apustuaren tamainaren isla zen atzoko prentsaurreko mahaiaren gibeleko jende piloa.

Apuruaren ideia 2015ko sagardo uzta dastatzeko aukera ematea da, txotx irekiera ofizialaren aitzinetik. Baina ez da horretara mugatzen, sagardogileen lana sagardoa egitera mugatzen ez den bezala. Edari honen inguruko kultura eta historia indartu, berreskuratu eta ezagutarazi nahi dute, non eta bere bihotzean, garai batean ehun sagardotegi baino gehiagoren aterpe izan zen Parte Zaharrean.

Olatz Mitxelena elkarteko Turismo eta Komunikazio arduradunak erantsi zuen Apuruak lehena eta oraina uztartuko dituela sagardogintzaren berri emanez. Azaldu zuenez, umiltasunez baina lan egiteko gogoz, Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserria «Donostiara ekarri» eta biziz betetzea da erronka.

Baserri-sagardotegiak garai batekoen itxura eta giroa izanen ditu, baina era berean modernoa ere izanen da. Horren erakusgarri Gipuzkoako Barman Elkarteak antolatutako sagardo koktel dastatzea eta lehiaketa. Pintxo dastatzea ere izanen da, Ostalaritza Elkarteak prestatua, eta Albaola itsas kultur faktoriak sagardotegiekin batera aurrera eramandako “Urumea, sagardoaren ibaia” proiektua ere bai. Xabier Agote Albaolaren ordezkariak XVI. mendean, euskaldunak itsasoan hagitz inportanteak zirenean, sagardoa edaten zutela oroitu zuen.