Oihane LARRETXEA
donostiA

Errenteriak gatazkaren kontaketak biluztu ditu kamera aurrean

«Oroimena bizigune» dokumentalak Errenteriako gatazka jartzen du mahai gainean. Oarsoaldeko bederatzi gaztek –helduena bezain «kutsatuta» ez dagoen belaunaldikoak– hainbat herritarri gertuko historiaz galdetu eta sakelakoarekin grabatu dituzte, eta jasotako testigantzekin eztabaidak eta hausnarketak egin. Helburua sentsibilizazioa eta oroimena partaidetza bidez eraikitzea da, bakoitzak bere bizipenekin eskain dezakeen ikuspuntutik aleak batuz.

«Nola kontatuko zenioke Errenteriako historia ezagutzen ez duen bati?», hori da “Oroimena bizigune” dokumentalak mahai gainean jarri eta erantzuten saiatu den galdera konplexuetako bat. Oarsoaldeko bederatzi gaztek hartu dute parte sentsibilizazioa eta oroimena helburu dituen lan berezi honetan, herriko bizilagunei gatazkaren inguruan galdetuz, baita beraiek ere hausnarketak eta eztabaidak eginez. Proiektua atzo aurkeztu zuten Donostian Irusoinek, Ubiqak eta Moviltik kultura elkarteak, xehetasunak eskainiz.

Aurrerapenean ikusi ziren bizilagunen testigantzen artean denetarik zegoen. Batzuek iritzia ematea «zaila» dela onartzen dute, jendea oraindik «isilik» dagoela «kontatzeko beldurra» sentitzen dutelako, baina denek onartzen dute bide horretan «aurrerapausoak» eman direla. «Bi aldeetan oso gaizki» pasatu duen jendea dagoela gogoratzen duten herritarrak ere badaude.

Jose Luis Roncerok Ubiqatik adierazi zuenez, elkarrizketatzaile gazteak hautatu izana ez da kasualitatea izan. Hala behar zuen «motxila arinagoa» dutelako memoriari dagokionez eta, honenbestez, «aurreiritzi gutxiago», erantsi zuen. Kalean elkarrizketak egiteaz gain, eurak ere grabatuak izan dira, kameren aurrean jarri dira gaiaz hausnartu eta hitz egiteko. «Tailerretan eztabaida landu dute, gure iragana ezagutu dute, ondoren elkarbizitza nola sustatu aztertzeko». Tailer hauek hamabi orduz luzatu dira eta une berean eta etenik egin gabe hiru kameraz grabatu dituzte «xehetasun guztiak jasotzeko», adierazi zuen Alaitz Arenzana zuzendariak. Horregatik deitu dakioke «docu-reality» ere.

Bederatzi gazte topatzea «ikaragarri» zaila izan dela onartu zuen Iñaki Gonzalez Irusoingo ekoizleak. Unibertsitate eta eskola ezberdinetan bilatu zituzten; Edgar Chamorro EHU-UPVn Psikologia ikaslea da horietako bat. Berak ez zuen bitan pentsatu. Oso gustura aritu dela ere aitortu zuen. Hala azaldu zuen atzo. «Herritarrei egindako elkarrizketak izan da atalik interesgarriena, beraien kontakizunaren bitartez ezagutzea eta ulertzea Errenteriako historia. Kontaktua oso garrantzitsua eta baliotsua izan da –adierazi zuen–. Ni jatorriz atzerritarra naiz, eta, beraz, urrun harrapatu nau Errenteriako gatazkak. Horrek, ordea, ez du esan nahi elkarbizitza sustatu ezin dudanik. Nire aletxoa jar dezaket eta horixe da egin dudana».

Kalean egindako elkarrizketak sakelakoarekin grabatu dituzte, aldez aurretik gazteek adostutako galderekin. Gainerakoan, ez da gidoirik egon. Horregatik, besteak beste, oso lan «ezberdina» izan da Arenzanarentzat. «Egitura bazegoen, baina gidoia ondoren egin da. Gazteak erabat askeak izan dira», azaldu zuen.

Askatasun horrek, hain zuzen, eman du, Gonzalezen iritziz, eman duen emaitza. Are gehiago, bere ustez, bederatzi gazteek ariketa berbera egingo balute berriz, emaitza «erabat ezberdina izango litzateke oraingoan, eta zeresanik ez beste gazte batzuek parte hartuko balute».

 

Eraikiz, 2013ko hazia

«Eta zergatik Errenteria?», galdegin dezake baten batek. Roncerok azaldu zuenez, helburua «mapa bat» osatzea da eta zentzu horretan Gipuzkoako herri honek bazituen urrats batzuk eginak. Hor kokatu zuen 2013an herrian abiarazitako Eraikiz proiektua. Antzerki eta zinema ziklo labur bat izan zen, lau saio baino ez ziren eskaini baina helburua epe luzekoa zuen: hausnarketa pertsonala eta kolektiboa sustatu bizikidetzan, konponbidean eta bakearen bidean aurreratzeko. Alderdi guztiek, salbuespenik gabe, babestu zuten hura. «Bi proiektuen artean lotura ikusi genuen eta, nahiz eta jakin beste hainbat herritan ere zentzu horretan lanak egin direla, Eraikiz ezagutzen genuen sakonago», azaldu zuen.

Eta helburua orain hedapena da, herriz herriz, auzoz auzo gaia landu dadila, dokumentala izan dadila beste ekimen batzuk abiarazteko «aitzakia» aparta. Horretan bat etorri ziren Gonzalez eta Maribel Vaquero Gipuzkoako Aldundiko Giza Eskubideen zuzendaria. «Gure nahia jarraipena ematea da, egiteko hamaika modu daude. Proiektua irekia da, izan dadila lan gehiago egiteko erreplika».