Telebista ordainpekoa litzateke
Zinez interesgarria aste honetan NAIZ-en Def Con Dos taldeko ahotsa den Cesar Strawberry-ri egindako elkarrizketa. Urrezko esaldiak zeuden bere erantzunetan. «Zerbaiten alde borrokatu duen orok, jasan du kalbario txikiren bat». «Egiten dudana gorrotatzen dute, nire musika, eta horregatik datoz nire bila». Eta titularrera eraman zena: «Ni epaitzeak azken 25 urteetan abestu dudanari arrazoia ematen dio».
Udaberrian epaituko dute, «Operación Araña» delakoaren harira. Birritan aipatu dut operazio hau zutabe honetan. Twitter bidez terrorismoa goratzea leporatzen diote, berari ere. Eta espetxean ere buka dezake, uztailean indarrean sartu zen Estatu espainoleko Zigor Kodearen erreformaren arabera. Lehena litzateke. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Ausartuko ote den Auzitegi Nazionala deitzen dioten hori. Cesarrek berak dioenez, «terrorismoarekin zerikusirik ez duten pertsonak errudun bilakatzen ditu Auzitegi Nazionalak, bere existentzia propioa justifikatzeko».
Eta aste berean, Giza Eskubideen Europako Auzitegian demanda hirukoitza aurkeztu da, «Mozal Legea» deitutakoaren aurka. Ahotsa.info (Euskal Herria), “La Directa” (Madril) eta “Diagonal” (Bartzelona) izan dira demanda aurkeztu duten hedabideak. Lege hau ere uztailean sartu zen indarrean, Zigor Kodearen erreformarekin batera. Demanda honen ibilbidea ere ikusteke dago, baina bidea ireki da behintzat.
Nabaria da adierazpen askatasunaren aurkako eraso larriak direla Estatu espainoleko Zigor Kodearen erreforma eta «Mozal Legea». Eta baita askatasun gehiagoren aurkakoak ere. Beldurra diote Internetek irekitzen duen bideari. Erabiltzaile bakoitzak bere iritzia, ustez, libreki adieraz dezakeen gune horri. Kontrolaezina zaie, eta kontrolatu nahi dute. Eta zigortu. Eta gelditu, beldurra eta terrorea sortuz.
Beti pentsatu izan dut telebista doakoa bada, botereari on egiten diolako dela. Bestela, telebista ere ordainpekoa litzateke. Internetek min egiten die, antza.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
