Ariane KAMIO
DONOSTIA
Elkarrizketa
INAXI ETXABE
BERTSOLARIA

«Ez nintzen ausartu Basarrirekin hitz egiten; nik ‘aio’ eta hark ere ‘aio’»

Telefonoa hartu duenean, azken egunetan egunkarietan egindako elkarrizketak eta bere inguruan sortutako albisteen ebakinak irakurtzen ari da Inaxi Etxabe (Oikia, 1933). 50eko hamarkadan plazara ateratako emakume bakanetakoa izan zen eta berak jarriko dio txapela bihar Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazleari. Gogoan ditu bertsolaritzako hainbat pasarte, baita Basarrirekin izandako hura ere.

Txapela zure eskuetatik irtengo da bihar. Nola hartu zenuen albistea?

Nik? Harrituta. Esan nien, «egongo dira bada ni baino inportanteagoak!». Eta ezetz erantzun zidaten, «garai hartakorik ez. Zu bakarrik zaude, eta nahi dugu zu etortzea». Ja egina nago joan behar dudala. Txarrena da bizkarreko minez nabilela azken bolada honetan eta horren beldur ere banaiz.

Pozik orduan?

Pozik, harrituta... Lehen ere txapelak jarrita nago. Iaz Zarauzko neska pilotariei jantzi nien eta duela bi urte beste txapelketa batean ere jarri nuen txapela. Oraingoa askoz handiagoa izango da baina….

Txapel-jartzaile zara, beraz?

Bai, egia. Horretaraino ere iritsi gara batere uste gabe. Pentsatzen ez nituen gauzak…

Pentsatzen ez zenituen gauzak?

Nik zer pentsatuko nuen txapela jartzera joan beharko nuela! Nire burua ez dut jotzen horren inportante.

Baina bere garaian zureak egindakoa zara…

Bai, asko. Bertso asko, kantatu, idatzi… Gauza asko ditut etxean.

Eta nola hasi zinen bada bertsotan?

Etxean hasi nintzen. Bertso paperak eta horrelakoak etortzen ziren gure etxera, ez dakit aitak edo anaiak ekarrita. Harritzen nauena da doinuak non ikasi ote nituen, irratirik ere ez baitzegoen garai hartan! 18 urte nituen arte ez zen irratirik izan, Oikian bakarra zegoen. Non ikasten nituen doinuak?

Non, bada?

Etxean ikasiko nituen, edo Oikiako plazan festetan izaten ziren bertso saioetan, edo alboko herrietako festetan, edo anaia zaharren bidez. Bertso paperak etxean izaten ziren beti, orduan kanta paperak deitzen genien. Afizioa betidanik izan dut. Paperak patrikan nituela joaten nintzen mendira behiak zaintzera. Oso kantaria izan naiz bestela ere.

Gogoratzen al duzu plazara noiz atera zinen lehenengoz?

Plazarik ez zen. Jangela batean izan zen, komedore batean. Sekulako bazkaria zen, jende mordoa zegoen. Elizaren aldetik ibili naiz ni beti, bestela ez dut izan aukerarik. Fama txarra azkar jartzen zitzaion tabernan eta bertsoak kantatzen aritzen zen emakumeari. Horregatik elizako giroan, elizako bazkari edo ospakizunetan aritu naiz bertsotan, “Arantzazu” aldizkarian idatziz… Arantzazun sari bat irabazi nuen 22 urterekin, eta Basarriri erantzuna ere orduan eman nion, inguru hartan.

Basarrirena irakurri zenuenean zer pentsatu zenuen?

Izugarriak jarri zituen, ikaragarriak dira hark jarri zituenak! Emakumeak nola utzi gintuen! Ez da sinestekoa. Bakean ez nuela utziko pentsatu nuen. Eta erantzun egin nion.

Eta zer erantzun zenion?

Gizonen faltak. Emakumearen faltak jarri zituen hark, eta nik gizonarenak.

Hitz egin zenuen noizbait berarekin gai horren inguruan?

Basarri eta ni askotan gurutzatzen ginen kalean. Postara asko joaten zen, idazten-eta ibiltzen zenez, eskutitz asko izaten zituen. ‘Aio’ eta ‘aio’ elkarri. Bestela ez genuen hitzik egin sekula. Baina biok askotan jardun ginen jangela batean, edo zerbaiten ospakizuna zenean askotan eramaten gintuzten Basarri eta biok, baina bakoitzak berea kantatzen genuen. Berak egunkarian idazten zuen eta oso ondo idazten zuen nire inguruan, beti gora jasotzen ninduen, baina gero kanpora irten eta ez genuen hitz egiten. Ni ez nintzen ausartzen beregana joaten. Ez dakit nik huts egin nuen edo nork huts egin zuen… Nik ‘aio’ eta hark ere ‘aio’.

Gero zahartu zenean erresidentzian egon zen eta hara joan ginen egun batean bazkaltzera. Familiarteko bazkaria egiten zen urtean behin. Nik banuen han senide bat eta mahai berean egokitu ginen denok. Imanol Murua orduan alkate zena ere han zen. Ez zen bertsolaria, baina gustatu egiten zitzaion tripili-trapala aritzea. Bazkaria bukatu genuenean, hirurok elkarri puntua jarri eta oso ondo jardun ginen. Ez dakizu Basarri nola piztu zen! Oso ontzat hartzen zituen nire bertsoak, beti-beti.

Eskarmenturako agian balio izan zion orduan zuk bota zenion erantzun hark…

Igual bai!

Zure garaian plazako emakume bakarra izan zinen.

Ez zegoen beste inor. Garai hartan bertsolari onak ere izango ziren. Hemen Santa Klaran bazen moja bat; haiek ez dira komentutik irteten eta bertsolaria zen bat. Nik Arantzazun saria lortu zuenean, Ama Birjina herriz herri ibili zuten eliza berria egin zutenean dirua biltzeko. Herri bakoitzean eskaini zitzaizkion funtzioak hartu behar ziren gai gisa bertsoak osatzeko. Sari bakarra zen, niri eman zidaten lehenengoa. Eta bigarrena, moja harentzat jarri zuten. Eta ez zuen ezer ikusi! Imajinazioren bat izango zuen edo azalduko zioten zerbait Zarautzen egin zenarekin. Hortik aterako zituen bertsoak… Beraz, bertsolariak izango ziren tartean.

Gaur egun emakume asko dago, ordea.

Bai, ikaragarriak eta ikaragarrizko abilidadearekin.

Baita finalean ere. Nahiago duzu emakume batek irabaztea?

Gustatuko litzaidake rubia horrek… Martin horrek… irabaziko balu.

Alaia Martin.

Alaia Martin. Igandean bota zituen telebistan bazkalondoan bere bertsoak. Zer nolako bertsoak kantatzen dituen! Harrigarriak! Xuabe-xuabe... Ze hitz, ze gauza… Oso egoki.

Berau duzu faborito orduan?

Faborito? Bueno… Beste mutil hori… Mutil koskorra zenean hasi zen Zarautza etortzen, Unai Agirre hernaniarra. Hark irabaztea ere gustatuko litzaidake, baina bueno… Onenak irabaz dezala.