GARA
GASTEIZ

Elecnor enpresak emakumeak baztertzen dituela salatu du LABek

Elecnor Infraestructuras enpresako zuzendaritzak, antolakuntza argudioak emanez, bost emakume langileri Getafera (Madril) lekualdatuko dituztela jakinarazi diela azaldu zuen atzo LABek ohar baten bidez.

Sindikatuaren esanetan, neurri horren atzean ez dago antolakuntza arrazoirik, baizik eta bulegoko lan guztiak Madrilen zentratzea kostuak merkatzeko helburuarekin. Gaineratzen duenez, lekualdaketa horiei uko eginez gero, kalte ordain minimoa jasoko dute langileek. Horrek benetako helburua horiek kaleratzea dela adierazten du, LABen ustez.

Bestalde, bost langileak emakumeak izateak –bat izan ezik guztiak lanaldi murriztua dutenak– enpresak genero arrazoiengatik baztertzen dituela frogatzen duela nabarmentzen du. Salaketa dinamika abiatuko duela esan du sindikatuak.