Jobs Sirian
Calaisen, Siriako gerratik ihesi Europara joandako errefuxiatuentzako kanpamentu batean, agertu da Banksyren grafitietako bat. Bertan, Steve Jobs agertzen da motxila bizkarrean eta famatu bihurtu zuten lehen ordenagailuetako bat eskuetako batean. Gutxik zekiten Jobsen aitak, jatorriz siriarra, AEBetara jo zuela errefuxiatu gisa eta horri esker jaio zela Jobs jaio zen tokian. Calaiseko agintariei gustatu zaie grafitia, balio artistikoa eduki ez ezik ikuslea «pentsatzera» bultzatzen duelako. Horregatik erabaki dute hiriaren ondare izendatzea, eta hura babesteko neurriak hartu dituzte. Oraindik ez dakite plastikoa ala beira erabiliko duten grafitia inguruko zikinkeriatik babesteko. Gauza jakina baita errefuxiatu kanpamentu bat ez dela artelan bat edukitzeko tokirik egokiena, baina tira, artistek ez diote praktiko izateari zor beren ospea.
Calaisko agintariak Bansyren grafitia nola salbatu burua hausten dabiltzan bitartean, kanpamentuko errefuxiatuen bizi-baldintzek bere horretan jarraitzen dute. Banksyk udan Ingalaterrako erakusketan bildutako instalazio piezak Calaisko kanpamentuari eman dizkio, errefuxiatuentzako bizileku duinagoak eraiki ditzaten. Auskalo hala izango den. Calaisko agintariek hain artelan preziatuak babestu beharrekoak direla erabaki dezakete, balio artistikoa eduki ez ezik jendea «pentsatzera» bultzatzen dutelako. Arazoa izango da plastikoa ala beira aukeratzea, haiek babesteko.

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

«Están naciendo niños cuyo abuelo está en la cárcel, esto no es normal»

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

Xabi Iraola proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokor izateko
