Kaleratzea gelditu ezinda, Alokabideko etxea utzi du familia batek Gasteizen
Emakume batek eta bere hiru seme-alabek beren Gasteizko etxea uztea erabaki zuten atzo, beren gain zuten kaleratze agindua gelditzeko ahaleginek porrot egin ostean. Mari Luz eta bere familia –18, 21 eta 22 urteko seme-alabak– Alokabide Lakuako Gobernuaren menpe dagoen sozietate publikoaren etxebizitza batean bizi ziren.
Berriki emandako prentsaurreko batean azaldu zuenez, 2008. urtetik lanpostu finkoa zuen Mari Luzek, baina 2013an soldata 1.200 euro ingurutik 800 ingurura murriztu zioten. Hala, ez zituen 2011n Alokabidek pisua eman zioneko baldintza berak betetzen eta zailtasunak zituen Zabalgana auzoko pisuaren alokairua eta gainerako gastuak ordaintzeko (300 euro errentarako, 100 komunitate gastuetarako, beste 100 argia eta berogailua ordaintzeko eta 100 ur gastuetarako). Guztira 3.600 euroko zorra dauka alokairuko elkarte publikoarekin.
Egoera horren aurrean, Alokabidek epeka ordaintzeko aukera eman ziola azaldu zuen, baina lanean baja hartu izanaren ondorioz soldata berriro murriztu zitzaion eta ezin izan zien ordainketei aurre egin.
Urrian, epaitegietatik jasotako gutun baten bitartez, abenduaren 18an kaleratua izango zela jakinarazi zioten eta, beste irtenbiderik lortu ez duenez, kaleratzea gertatu aurretik etxea uztea erabaki zuen atzo.
Arabako Kaleratzeak Stop elkarteak Alokabideren jarrera salatu zuen familiaren egoerara egokitzen den ordainketa modu bat ezarri ez izanagatik eta gaineratu zuen enpresa publiko bat izan arren izaera pribatua izango balu bezala funtzionatzen duela.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
