GARA
LOS ANGELES

Oscar sarietarako lehiatik kanpo geratu da «Loreak» filma

Ez da posible izan. Oscar sarietarako finalista izateko bidean 90 filmetatik 9 hautatu dituzte eta Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren «Loreak»-ek ez du langa gainditzerik izan. Egindakoa, nolanahi ere, ezin gutxiets daiteke, lanak izan duen oihartzun eta ibilbidea ikusirik.

Oscar sarietako atean geratu da “Loreak”, euskarazko hautagai bakarra nazioarteko zinema sari ospetsuenetan parte hartzeko. Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako filma ingelesez besteko atalean hautagaia zen mundu osoko 90 lanen artean. Garañok bazeukan filmak langa garaituko zuen esperantzarik. Estatu Batuetan aurkeztu zutenean jendeak txalo egin zuela gogoratu zuen, «eta hori ez da beti gertatzen». «Logikoa zen pentsatzea zaila izango zela, baina inoiz ez ezinezkoa», gaineratu zuen. Hautatuen artean dira “Le tout Nouveau Testamen” (Jacob Van Dormael), “El abrazo de la serpiente” (Ciro Guerra), “A war” (Tobias Lindholm), “Miekkailija” (Klaus Haro), “Mustang” (Deniz Gamze Erguven), “Im Labyrinth des Schweigens” (Giulio Ricciarelli), “Saul fia” (Laszlo Nemes), “Viva” (Paddy Breathnach), eta “Theeb” (Naji Abu Nowar).

Nolanahi ere, Oscarretarako hautagaitza horietatik soilik bost filmek eskuratuko dute. Urtarrilaren 8 eta 10 artean hartuko dute erabakia Los Angeles, New York eta Londresko komite adituek. Azken zerrenda urtarrilaren 14an jakinaraziko da.

Oscar sarietarako bidean geratu bada ere, “Loreak” lanak nazioarteko merkatuan zabalkunde itzela izan du. Obra poetikoa da oso Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak ondutakoa. 2014ko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten; aurreneko aldia izan zen euskarazko film batek lehia ofizialean parte hartzen zuena. Eta handik nazioarteko beste hainbat tokitan izan da. Loreak aitzakia gisa hartzen ditu filmak, eta mundu propioa eraikitzen du hortik abiatuta. Loreak baino ez zirela zioten arren, askoz gehiago izan da azkenean.