Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Bukatu delako hasten da

Bukatu da, bukatu da (doinuari eutsi)… Akabo da! Akabo kanpaina, politikarako unea hasten da, berriro ere. Hauteskunde kanpainak politikarako antzu aldia dira, hauteskunde egunaren bezperakoa gogoetarako den legez, antzu. Pelikula serio baten iragarki-tarte huts ikusten ditut kanpainak. Hala ere, aitor dut, esku hartzen dut, bihotzak eta buruak, gorputz berekoak izanda ere, eragin aldi desberdina dutelako. Eta inportanteena ez izan arren, ezelan ere ez, premiazkoena delako unean unekoa, eta gerokoak geroko. Hortaz, emana dut botoa.

Neke eginda amaitu dut astea. Gauza bat dela, bestea dela… neke. Eta hori inongo debaterik ikusi barik! Total, gorputzeko muskuluak askatu gurarik nora eta herriko gimnasiora jo nuen atzo, ilunabarrenean, spinningerako arropa jantzita. Hantxe izan dira, nire lerro berean, jelkideak, berdin gabe antzeko jantzita. Eta hara! doinua hautatu behar pedalka hasi orduko. Nik, egia esan, doinurik ez dut hartu, belarriek haizeterako babes aerodinamikoa baino ez dutelako nigan, doinuari jarraitzeko ezinean. Baina lerrokideek segituan adostu dute doinua: “Agur Jaunak”. Bai, «agur t´erdi» horrena, eta horrekin aritu dira pedalean. Aritu edo. Kaikuak halakoak! Km 0 horrena aitzakia hartuta mugitu ere ez dira egiten. Ponentzia-gela dute horiek Legebiltzarrean gimnasio. Amen.

Kanpaina bat amaitu, beste bat abiatuta, Gabonetakoa, eta beste bat urtearen bueltan abiatzekoa, berdelarena. Kanpainen konpainian bizi gara. Tira! Jesusena ez da konpainia bakarra! “Zorionak eta Urte Berri On” betiko leloek hartu dute orain posta elektronikoa oraintsu arte “Eman Botoa” leloek etxe aurreko postontzia hartu bezala. Total, postak aspertzeko astirik ez; ni, ordea, belarriak aspertu eta ezkoa urtuta. Baina botoa emanda, Burutik baino ezin delako Burujabetza etorri!